Xeye taldean taldean hasi zenuen lasterkari ibilbidea. Zer dela eta?
Gazte-gaztetan hasi nintzen atletismoaren munduan murgiltzen. Egoitz Arruti zen orduan Xeyeko entrenatzailea, eta taldetxo bat hasi ginen harekin prestatzen; 8-9 urte izango nituen. Diziplina desberdinak probatzen hasi ginen, denetarik egiten genuen.
Noiz erabaki zenuen jauzi bat egin eta serio hartzea?
Ez dakit noiz eman nuen jauzia. Diziplina handidun neska naiz, eta asko gustatzen zait kirolaren eta atletismoaren mundua. Ezin izaten dut geldirik egon, eta inoiz ez diot utzi korrika egiteari; segi eta segi, orain nagoen tokira iritsi naiz. Jarraikortasunak eraman nau nagoen tokira.
Asfaltoan aritu zinen hainbat urtez, eta proba hainbat irabazi zenituen. Mendi lasterketetara egin zenuen jauzi gero. Zergatik?
Duela pare bat urtera arte, krosetan, asfaltoan, aritzen nintzen batez ere, nahiz eta mendiko probaren bat edo beste egiten nuen. Tarte horretan hainbat proba irabazi nituen, hala nola Zestoako Herri Krosa edo Azpeitiko San Silbestre lasterketa. Asfaltoko probetan nenbilela, ikusten nuen denboraldi erdi aldera-edo mendiko probak hasten zirela, eta horrek ere erakartzen ninduen. Izan ere, familian asko ibili izan gara beti mendian; Pirinioetara-eta asko joan izan gara, eta beti egin izan ditut kilometro batzuk mendian korrika. Aita ere ibili izan da mendian lasterka, eta hark lagunduta, mendi lasterketa batzuk egindakoa nintzen. Gaur egun asko disfrutatzen dut mendi lasterketetan.
Zer dute mendi lasterketek asfaltoko probek ez dutena? Eta alderantziz?
Pila bat gustatzen zait mendiak ematen duen askatasuna; lasai entrenatzeko eta erritmo zehatz bat jarraitu gabe aritzeko aukera eskaintzen du. Korrika, oinez, azkarrago, makalago, bide desberdinetan, paisaje anitzetan... ibiltzeko aukera ematen du mendiak, eta asko gustatzen zait hori. Mendi lasterketetan eguraldiak erabat baldintza dezake lasterketa; lokatzak, lurra nola dagoen... Asfaltoan eragiten du, baina ez hainbeste; lurra lehorra edo bustia egon, segundoren baten gora-behera eragingo du, baina gehiago ez. Asfaltoak badu, baina, mendiak ez duen zerbait: korrika egitea asko gustatzen bazaizu, mendian baino kilometro gehiago egiten dituzu eta denbora gutxiago behar izaten duzu. Mendiak eta asfaltoak, biek dituzte alde onak eta txarrak.
Mendiko hainbat proba irabazi dituzu aspalditxon, hala nola Kobaz Koba eta Pagoetako mendi lasterketa. Zer moduz?
Egiten ari naizen bideaz gozatzen ari naiz. Sekretu handirik ez du kontuak: diziplina edukitzea, jarraikorra izatea eta egiten duzunaz gozatzea dira gakoak. Poz ematen du egindako lan eta eskainitako denbora guztiak bere fruituak ematen dituela ikusteak; ez dakit zeini, baina eskerrak eman beharrean nago.
Domusa Teknik 40 MLK proban lehen emakume azpeitiarra izan zinen, eta Benasqueko maratoian hirugarren egin zenuen. Espero al zenuen lortzen ari zaren emaitzak lortzea?
Egiten dudana pila bat gustatzen zait, kirolik egin gabe ezin dut egon, eta urratsez urrats lortu dut nagoen lekura iristea. Denboraldi honetan, aurrekoetan lortu ez ditudan emaitzak ari naiz eskuratzen; emaitzak positiboak izan dira denbora eta sailkapen aldetik. Proba horietan metara sartzeko momentuan pentsatu izan dut egiten ari naizenak merezi duela. Izan ere, halako lorpenek sakrifizio handia eskatzen duen kirol honetan entrenatzen eta lehiatzen segitzeko indarra ematen dute.
Zein da mendian ondo aritzeko sekretua?
Sekretu handirik ez dagoelakoan nago; formula magikorik ez daukat. Diziplinatua izatea eta entrenatzea dira gakoak, eta motibaziorik ez dagoenean ere, kontuan hartu behar da segitu egin behar dela. Helburuei begiratu behar zaie, eta horien atzetik segitu, gogotsu. Bestalde, asko kostatzen bazait ere, atseden fisikoa eta mentala hartzea beharrezkoa da; entrenamenduen parte garrantzitsua da hori ere. Dena den, helburua gertu ikusten duzunean, fisikoki nekatuta egon arren, kostatu egiten da atseden hartzea.
Nola prestatzen zara?
Mendi lasterketetan aritzen banaiz ere, mendia eta asfaltoa uztartzen ditut, eta beharrezkoa da bien arteko oreka bilatzea. Asfaltoan hasi nintzen ni korrika, eta daukadan joeragatik nahiz entrenamendu horiek egiteko denbora gutxiago behar delako jotzen dut horretara. Mendira, berriz, ahal badut, inguruko jendearekin joaten naiz, konpainiarekin errazago egiten ditudalako entrenamendu luzeak.
Modan daude mendi lasterketak, mendian korrika ibiltzea… Zu zerk erakarri zaitu mundu horretara?
Oso modan daude, bai. Indarra hartzen ari da kirola, orokorrean, baina mendi lasterketek eta atletismoak lehen ez zuten ospea hartu dute azken urteetan. Gainera, distantzia luzeko probak ari dira nagusitzen; maratoi erditik aurrerako distantziak, hain zuzen. Atsegin dut korrika egitea, mendia ere bai txikitatik, eta horrek eraman nau mendiko probetara; izan ere, gustuko ditudan bi gauzen nahasketa oraindik eta gehiago gustatzen zait.
Ba al duzu lasterketa gogoangarririk? Zergatik?
15 urte nituenetik, ia urtero joan gara Benasquera, Gran Trail Aneto-Posets probara. Distantzia desberdinetako lasterketak egiten dituzte, eta urteetan joan izan gara hitzordu horretara familian; anaiarekin batera distantzia bat baino gehiagoko lasterketak egin ditut. Aurten maratoian aritu naiz, eta familian tradizio bilakatu zaigun asteburuko irteera izanda, horixe aipatuko nuke. Oso maitea dugu lasterketa hori. Bestalde, badira asko gustatu zaizkidan edo berriro irteteak ilusioa egiten didan proba batzuk, Kobaz Koba edo Domusa Teknik 40 MLK, esaterako. Dena den, bat aukeratu beharko banu, Benasquekoa hautatuko nuke.
Aurrera begira, zer asmo dituzu?
Ez naiz epe luzerako helburuak finkatzekoa. Orain atseden hartuko dut, denboraldia bukatu dudalako eta datorren denboraldirako indarrak hartzeko. Helburu bakarra daukat: aurten bezain beste gozatzea mendiaz, mendi lasterketez eta korrika egiteaz. Jende berria nahiz lasterketa berriak ezagutzea ere nahi dut, ahal dela lesio handirik izan gabe.