Querer telesailaren arrakastaren ostean, gelditu gabe dabil lanean Nagore Aranburu aktore azpeitiarra. Besteak beste, udatik bueltan estreinatuko diren hainbat filmetan eta telesailetan parte hartu du hark: Maspalomas, Karmele, Los Domingos eta Zeru ahoak. Beraz, orain arte zinemagintzan egin duen ibilbide luzeari eta oparoari jarraipena ematen ari zaio Aranburu.
Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzentzen duten Moriarti ekoiztetxeak irailaren 29an estreinatuko du Maspalomas filma zinema aretoetan. Euskal Herrian eta Kanariar Uharteetan grabatu dute lana, eta Aranburuk protagonistaren alabaren papera izango du filmean; Kandido Uranga aktore zumaiarrak ere parte hartu du filmean.
Karmele, berriz, Asier Altunak egindako filma da, eta urriaren 10ean iritsiko da zinema aretoetara. Kirmen Uriberen Elkarrekin esnateko ordua eleberria du jatorrian filmak, Karmele Urrestiren bizitzan oinarritutako kontakizuna. Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy dira drama generoko lanaren protagonista nagusiak, baina haiekin batera osatuko dute aktoreen zerrenda Aranburuk nahiz Javier Barandiaranek. Gaur aurkeztu dute film horren teaserra, honako lotura honetan ikus daitekeena.
Halaber, Querer telesaila zuzendu zuen Alauda Ruiz de Azua zuzendariaren gidaritzapean, Los Domingos filmean parte hartu du Aranburuk, eta film hori datorren urriaren 17an estreinatuko dute zinema aretoetan. Horrez gain, iaz Koldo Almandozen Zeru ahoak telesaila grabatzen aritu zen Nagore Aranburu, eta uztailean aurkeztu ostean, udazkenean estreinatuko dute, RTVE Playn. Lau atal izango ditu, eta Aranburu da protagonista nagusia. Harekin batera agertuko dira pantailan Sara Cozar eta Josean Bengoetxea, besteak beste.
Bestalde, aurten grabatu dute Iruñean Aranburu eta Anna Castillo aktoreak protagonista nagusi diren –Paco Leonek ere parte hartuko du– Mi querida señorita filma. Fernando Gonzalez Molina da Jaime Armiñanen film klasikoan oinarrituta dagoen lanaren zuzendaria. Netflixerako ekoitzi du lan hori Javier Calvoren eta Javier Ambrossiren –Los Javis– Summa Content ekoiztetxeak, eta oraingoz ez dute iragarri estreinaldi datarik.
Aranburuk ibilbide loriatsua du pantailen bestaldean. Besteren artean, Loreak (2014), Amama (2015), Ane (2020) eta Irati (2022) filmetan lan egina da. Antzerkian, film laburretan telebistan eta telesailetan ere aktore lanak egina da. Hain zuzen ere, orain dela urte erdi inguru, fikziozko telesailetako emakume aktore onenaren Forque eta Feroz sariak jaso zituen, Querer telesailean egindako lanarengatik.