Jasangarritasuna ezagutzen. Arakatu, ebatzi eta ikasi izenburupean, jolasteko eta ikasteko abagunea izango dute hala nahi duten familiek igandean, Ekoetxean. Bi ordutan egingo dute jarduera: 11:00etan eta 17:00etan hasita.
Mapak eskuetan hartuta, Ekoetxea kokatuta dagoen Egibar baserrian barrena, pistak aurkitu eta ingurumenari buruzko galderei erantzun beharko diete parte hartzaileek. 90 minutuko jolasa izango da, eta partaideek hamabost proba egin beharko dituzte, erronka bat gauzatzen duten bitartean. Besteak beste, klima aldaketa, uraren kontserbazioa, tokiko fauna eta flora, energia iturri iraunkorrak, hondakinen kudeaketa eta kontsumo arduratsua landuko dituzte herritarrek jolasaren bidez.
Bakarka nahiz taldean parte hartu ahal izango da jolasean, eta doakoa izango da ekintza. Dena den, parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Ekoetxearen webgunearen bidez. Igande honetan ez ezik, irailaren 7an ere egingo dute jarduera berbera Ekoetxean.