San Inazio eguneko ekintzek gauean izan zuten jarraipena, eta herritarrek gustu guztietarako hitzorduez gozatzeko aukera izan zuten. Batetik, eskuzko pilota partidak izan ziren; bestetik, kontzertuak; eta bestalde, su artifizialak.
Izarraitz pilotalekuan 21:30ean hasi zen jaialdia. Hainbat lagun joan ziren Julen Egigurenek eta Erostarbek Unai Alberdiren Ugartemendiaren kontra jokatutako norgehiagoka ikustera (22 eta 19 nagusitu ziren Egiguren eta Erostarbe), eta ikusmina piztu zuen Altuna III.ak eta Imazek Peña II.aren eta Rezustaren aurka jokatutako neurketak. Altunak eta Rezustak 22 eta 13 irabazi zuten lehia.
Atzo ere Pirotecnia Zaragozana etxeak eskaini zituen su artifizialak. 23:00etan hasita, zirti-zarta izan zen nagusi herrian, eta kolore askotako suak ikusi ahal izan ziren zeruan. Atzoko ikuskizuna bigarrena eta azkena izan zen; gaur ez da su festarik izango.
Bestalde, Zea Mays taldea izan zen atzo gaueko protagonista. Plaza jendez leporaino bete zen talde entzutetsuaren emanaldiarekin, eta izan zen une hunkigarririk. Izan ere, Elektrizitatea abestia kantatzera hainbat emakume igo ziren agertokira –behean, bideoa–. Horrez gain, Aurrez Aurre, Iltze eta Ukabil taldeen kontzertuak izan ziren txosnagunean.
(Argazkiak: Maialen Etxaniz, Urtzi Oteiza eta Julene Frantzesena)