Azpeitia askearen aldarria, zezenketa jendetsua eta flamenko zein queer poteoak, San Inazio eguna borobiltzeko

Maialen Etxaniz - Julene Frantzesena 2025ko uzt. 31a, 21:15

Festak iritsi dira erdibidera, eta gaur arratsaldean bi ekitaldi izan dira protagonista nagusiak: Azpeitia askearen alde herriko eragile hainbatek deituta egin duten kontzentrazioa; eta zezenketetan aurrena, Morante de la Puebla protagonista izan duena. Datozen orduetan musika, eskuzko pilota partidak eta su artifizialak izango dira, besteren artean.

Festetako egun handia da gaur Azpeitian, San Inazio eguna, eta ez da oharkabean pasatu arratsaldea ere. Done Jakue kalean bigantxak izan dira beste behin, eta umeentzako Azken fakirra ikuskizuna Olazko Andre Mariaren plazan. Dena den, horiez haratago, bi izan dira arratsaldeko protagonistak: plazan herriko eragile hainbatek deituta egin duten Azpeitia askearen aldeko kontzentrazioa, eta zezenketetan aurrena, Morante de la Puebla toreatzailea kartelburu zela. Bi ekitaldiak ordu berean hasi dira, 18:30ean, eta bietan herritar asko elkartu da.

Horien ostean, Haujijijaik antolatutako flamenko poteoa Azpeitiko hainbat gazteren Burrumba taldearekin eta Astindu armayuek taldeko kideek antolatutako Desbiatuen kuirropoteoa egin dituzte Alde Zaharreko kaleetan barrena, eta jende ugarik gozatu du bi ekitaldiez.

Zezen plaza leporaino; kanpoan protestak

Ohiko paseilloa eginda, 18:00 ingururako jendetza elkartu da zezen plazaren atarian, zezen zaleak gehienak nahiz eta giroak erakarrita bertaratu diren herritarrak ere baziren. Zaleak ez ezik, zezenketen aurkako eragileak ere elkartu dira Azpeitiko zezen plazaren atarian, eta zezenketarik gabeko festen aldeko protesta egin dute hitzordua hasi bitartean. Oinatz elkarte animalistako kideek hainbat norabakoren jarrera bortitza salatu ez ezik, Ertzaintzak erakutsitako jarreraren inguruko kezka ere agertu dute, eta babes gabe sentitu direla adierazi. 

Zezenketetan aurrena izan da gaur, San Inazio egunez; hirutik lehena, eta, agian, aurtengo entzutetsuena; izan ere,  Morante de la Puebla toreatzailea izan da kartelburua, eta ikusmina sortu du haren presentziak. Horren adierazlea izan da sarrera guzti-guztiak agortu direla. Toreatzailea furgonetatik jaitsi den unean, askotariko babes mezuak eskaini dizkiete han elkartutako zaleek. Gaurkoan, Loreto Charro ganadutegiko zezenak toreatzen aritu dira Morante de la Puebla, Daniel Luque eta Juan Ortega toreatzaileak. Morantek Joxin Iriarte Azpeitiko Zezenzale batzordeko zuzendariari eskaini dio arratsaldeko laugarren zezena. 

Zezenketa hasterako, Daniel Luquek iazko zezenketetako toreatzaile onenaren saria jaso du Azpeitiko Zezenzale batzordeko Txetxu Iriarteren eskutik. Luque izan da gaurko zezenketan nagusitu dena, eta hura atera dute ate handitik, bizkarrean. 

Azpeitia askearen aldeko aldarria

Aurten lehen aldiz, ultraeskuinaren eta faxismoaren gorakadaren aurrean, Azpeitia herri askea izateko nahia aldarrikatu dute hainbat herritarrek plazan. Izan ere, han bildutakoak "zeharo kezkatzen" ditu nazioartean nagusitzen ari den joera politikoak. Horregatik, eta Azpeitia askea aldarrikatu dute, Etxeak, kaleak, plazak. Azpeitia aske lelopean egin duten elkarretaratzean.

"Herri justuagoa eta duinagoa, herri euskaldunagoa, herri transfeminista, herri askea Euskal Herri askean eta herri solidarioa  helburu" dutela azpimarratu dute kontzentrazioaren deitzaileek, egunerokoan "itotzen" duten sokak askatzeko beharra aipatuta. Esandako hori irudikatu dute, gainera, bukaerako ekitaldian; izan ere, kioskoaren erdian kokatu den herritar bati soinean zituen sokak askatu dizkiote.

Halaber, aipatu dute plazatik hurbil "balio atzerakoien" plaza bat badela, zezen plazari eta ordu horretan han egiten ari ziren zezen plazari erreferentzia eginez. "Balio horiek hauspotzen ari den jendez beteta dago plaza hori, eta hain zuzen, hori salatzeko ere elkartu gara gaur hemen, herriko plazan, aldarrikapen ugari elkarrekin txirikordatuz", adierazi dute. Haien hitzetan, plaza berena delako, baita herriak, kalean eta etxeak ere.

Horri lotuta, azpimarratu dute herri askeak "kolore ugari" dituela, "aldarrikapen andana eta bandera hainbat". Eta halaxe, plazara eraman dituzte aldarrikapen hainbat jasotzen dituzten banderak. Salaketarako tartea ere izan dute, gainera: "Hemen argi esan nahi dugu: Azpeitia askeak ortzadarraren bandera astinduko du. Izan ere, azken egunotan gaurko deialdiarekin lotutako kartelen aurkako erasoak salatu nahi ditugu". Elkarretaratzearen sustatzaileek azaldu dutenez, egunotan hainbat kartel apurtu dituzte, ortzadarraren bandera kenduta, zehazki.

Datozen ekintzak

Festak jarraitu egingo du datozen orduetan ere. Musika, eskuzko pilota partidak eta su artifizialak izango dira protagonista nagusiak, eta bihar goizean Loiolako harrera instituzionala nahiz Bakailao Txapelketa.

Hona hemen gaurko eta biharko egitaraua:

Gaur, San Inazio eguna

  • 21:30. Esku pilota jaialdia, Izarraitz pilotalekuan: Julen Egiguren-Erostarbe vs Unai Alberdi-Ugartemendia; Altuna-Rezusta vs Peña-Mariezkurrena.
  • 22:00. Aurrez Aurreren kontzertua, txosnagunean.
  • 23:00. Su artifizialak, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik, Izarraizko Atean.
  • 23:30. Zea Maysen kontzertua, plazan.
  • 01:00. Iltzeren kontzertua, txosnagunean.
  • 02:30. Ukabilen kontzertua, txosnagunean.

Bihar, San Inazio bigarrena

  • 10:00. Goiz eresia, Izarraitz txistulari taldearen, Udal Musika Bandaren eta Arrasateko gaiteroen eskutik.
  • 10:30. Herriko agintariek ongietorria egingo diete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko zein Batzar Nagusietako ordezkariei, Loiolan.
  • 10:30. Mendietan zentral eolikorik ez! leloarekin elkarretaratzea, Loiolan.
  • 11:00. Meza, Loiolako basilikan, Fernando Prado Donostiako gotzainak gidatuta.
  • 11:00. 14. Bakailao Txapelketa, plazan.
  • 12:30. Arratsalderako zezenen aukeraketa, zezen plazan.
  • 15:00. Bakailao jana, Azoka Plazan.
  • 17:00. Apar festa, Balentina Agirre plazatxoan.
  • 17:30. Bigantxak (Lopene ganadutegia), Done Jakue kalean.
  • 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plaza aurrean.
  • 18:00. Kuadrillen arteko olinpiadak, Alde Zaharrean.
  • 18:30. Zezenketa. Toreatzaileak: Damian Castaño, Morenito de Aranda eta Jose Fernando Molina. Ganadutegia: Ana Romero.
  • Ordu berean, Los Pasai txaranga, kalez kale.
  • 19:00. Zesta punta jaialdia, Izarraitz pilotalekuan: Elaia-Eneritz vs Helena-Frida; Erkiaga-Lekerika vs Barandika-Lopez.
  • 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
  • 22:00. Rodeoren kontzertua, txosnagunean.
  • 22:00. Muxutruk taldearekin erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 23:30. Brigade Locoren kontzertua, plazan.
  • 01:00. Sedientos de Cumbia taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 02:30. Tatxers taldearen kontzertua, txosnagunean.

Abuztuak 2, larunbata, San Inazio hirugarrena

  • 06:00. Incansables txaranga, kalez kale.
  • 07:00. Bigantxak (Marques de Saka ganadutegia), Done Jakue kalean.
  • 12:30. Arratsalderako zezenen aurkeraketa, zezen plazan.
  • 17:30. Zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plaza aurrean.
  • 18:30. Zezenketa. Toreatzaileak: Paco Ureña, Tomas Rufo eta Borja Jimenez. Ganadutegia: Murteira Grave.
  • 19:00. Jainekin txaranga, kalez kale.

(Argazkiak: elkarretaratzekoak, Julene Frantzesena; gainerakoak, Maialen Etxaniz)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide