Zizur Nagusian (Nafarroa) 78 urteko emakume bat buruan kolpe handi batekin hilda aurkitu dute bere etxean, eta haren senarra –85 urteko gizona– atxilotu dute, hilketaren egilea delakoan.
Hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte herriko eragileek biharko, San Inazio egunerako. Itaiak plazan egingo du kontzentrazioa, 13:00etan, Indarkeria matxistari aurre egin lelopean.
Horrez gain, arratsalderako ideia faxisten aurkako elkarretaratzea deituta dute hainbat eragilek plazan, eta deialdi horretara batu da Azpeitiko Feministen Sarea. 18:30ean, askotariko aldarriak eramango dituzte plazara, eta tartean, Zizur Nagusiko hilketa salatuko dute.
Udalaren salaketa
Azpeitiko Udalak Zizur Nagusiko emakumearen hilketa salatu du, eta hildakoaren senitartekoei nahiz gertukoei elkartasuna adierazi die. Halaber, hilketa salatzeko Azpeitiko Feministen Sareak bihar egingo duen protestara batzeko deia egin die herritarrei.
Udalak gogorarazi duenez, urtea hasi zenetik Euskal Herrian jazo den bosgarren hilketa matxista da atzokoa –2003tik 130 hilketa matxista erregistratu dituzte Euskal Herrian–, eta ozen adierazi du ez duela onartzen giza eskubideen urraketarik, ez Azpeitian, ez beste inon. Gainera, urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzea herritarren ardura ere badela ohartarazi du erakundeak.
Emakumeen kontrako indarkeria "egiturazko arazoa" da udalaren aburuz, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen arazoa, eta indarkeria hori ez da "ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza". Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak gizartean aski errotuta daudela esan du erakundeak, eta salatu du horiek direla halako "ondorio larrien eta tamalgarrien" sortzaile. "Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea".
Udalak, gainerako erakunde publikoekin batera, berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozialari irtenbidea bilatzeko lanean jarraituko duela adierazi du. "Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu".
Eraso matxistaren baten aurrean izanez gero, honako telefono hauetara dei daitekeela jakinarazi du udalak: 943-15 71 92 (Gizarte Zerbitzuak), 092 edo 943-15 13 13 (Udaltzaingoa), 688 75 10 00 (Emakumeen Txokoa) edo 112 (Larrialdi Zerbitzuak, Ertzaintza).