San Inazio bigarrenez, ostiralean, Azpeitian izango dira Eusko Jaurlaritzako, Eusko Legebiltzarreko, Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak; izan ere, urtero legez, udal hautetsiek harrera egingo diete haiei Loiolan, basilikaren aurrean. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, baina, Imanol Pradales lehendakaria ez da aurten Loiolan izango, Boiseko Jaialdira joango delako.
Udal ordezkariek 10:30ean egingo diete ongietorria euskal erakundeetako gainerako ordezkariei, tartean Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiri. Harreraren ondoren, 11:00etan, meza izango da basilikan, Fernando Prado Gipuzkoako Elizbarrutiko gotzainak gidatuta. Parrokiako koruko eta Julian Barrenetxea abesbatzako kideek parte hartuko dute elizkizunean, Itziar Urbieta organistak lagunduta.