Azpeitiko EAJk gogor salatu du igande goizaldean "udaltzainek eta ertzainek jasan zuten erasoa"

Ihintza Elustondo 2025ko uzt. 21a, 19:29

Igande goizaldean istiluak izan ziren eremua. (Nerea Uranga)

Igande goizaldeko istiluetan, udaltzainek "heriotza mehatxuak" jasan zituztela nabarmendu dute jeltzaleek. Haien ustez, larunbat gauez bi udaltzain bakarrik lanean aritzea gutxiegi da. Alkateak udaltzainak babestera etorri zirenak kritikatu izanak "harritu" egin ditu Azpeitiko EAJren ordezkariak, eta hari eskatu diote "jokabide desegokiak" zein diren zehazteko.

Igande goizaldean Azpeitian izan ziren istiluen harira, Azpeitiko EAJk oharra bidali du, "udaltzainek eta ertzainek jasan zuten erasoa gogor salatuz". Jeltzaleen arabera, alkateak esan duen moduan, gazte batzuk Udaltzaingoaren bulegora sartu ondoren, udaltzainak "babesik gabe" sentitu ziren "pilatu zen jendetzaren aurrean", eta ertzainei laguntza eskatu zieten. Ondorioz, bi ertzain eta udaltzain bat kolpatuak izan zirela eta gazte bat atxilotu zutela nabarmendu du EAJk. "Hasteko, zoritxarrez, betikoa esango dugu: larunbat gauean bi udaltzain bakarrik lanean... giza eta material baliabide urriak dira edozer gauza gertatuz gero".

Azpeitiko EAJk dio langileen sindikatuak esan duela "gazte batzuk Udaltzaingoan sartu zirela, udaltzainak iraindu zituztela eta barrualdera indarrez sartzen saiatu zirela, heriotza mehatxuak eginez". Zera erantsi dute oharrean: "[Udaltzainek] Gutxiago izanik, bortizki eutsi behar izan zieten eta lesioak jasan zituzten. Botatako edalontzi batek ertzain bat jo zuen, eta hari ere lesioak eragin zizkion".

Ekintza horien aurrean, udaltzainak nahiz ertzainak "babesik gabe sentitzea eragin zutenen ekintzak kritikatu beharrean", alkateak udaltzainak babestera etorri zirenak kritikatu izanak harritu egin dituela adierazi du Azpeitiko EAJk. "Harritzen gaitu, udatzainei babesa adierazi ondoren, babesa zergatik behar izan zuten ez azaltzea, edota babes hori eskatu izanaren atzean zegoen egoera ez salatzea. Hori bai, ertzainena 'neurriz kanpoko despliegea' izan omen zen, eta hori kritikatu egin behar da. Itxura denez, bi ertzainek bakarrik etorri behar zuten, eta oinez, gainera".

Jeltzaleek nabarmendu dutenez, atera berri den festetako programan, "jokabide desegokiekin tolentziarik ez dugu izango" idatzi du alkateak. "Zehaztu beharko luke zer jokabide desegokiz ari den. Udaltzainen bulegoa erasotzea egokia al da? Izan ere, ez du hori salatu. Zer eratako erasoak gaitzetsi behar dira? Ertzainak eta udaltzainak erasotzea onargarria al da?", galdetu du EAJk.

"Lasaitasuna eta errespetua"

Udaltzainak eta ertzainak "langileak" direla eta "herriaren zerbitzura" daudela azpimarratu du Azpeitiko EAJk. "Zerbait gaizki egiten badute, badaude gaizki egindako horiek salatzeko eta zuzentzeko hainbat modu. Inolaz ez dago justifikatzerik udaltzainen bulegoa erasotzea. Bada garaia ustez atzean utzi omen dugun fase hori benetan atzean uzteko; egoera berri bati hasiera eman diezaiogun, non irainak, mehatxuak, erasoak sobran dauden".

Bukatzeko, festak gainean daudela gogorarazi dute jeltzaleek, eta "lasaitasuna eta errespetua" eskatu dituzte. "Inoiz baino beharrezkoagoak dira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide