Igande goizaldean gertatutakoarekin eta EH Bilduren jarrerarekin "oso kezkatuta" agertu da Gipuzkoako EAJ

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 21a, 13:19

Istiluak izan ziren eremua. (Nerea Uranga)

Gipuzkoako EAJk oharra kaleratu du gertatutakoa gaitzesteko, euskal poliziaren lana babesteko nahiz EH Bilduri erantzukizunak hartzea eskatzeko. Halaber, alderdi jeltzaleak esan du Azpeitian jazotako istiluek aurrez Gipuzkoako beste bi herritan gertatutakoen "ezaugarri berak" dituztela.

Igande goizaldean Azpeitian hainbat gazteren nahiz udaltzainen zein ertzainen artean izan zen liskarraren harira, Gipuzkoako EAJk oharra kaleratu du. Jeltzaleek gogor gaitzetsi du "indarkeriazko jarreran jardun zuen pertsona talde handi batek" Udaltzaingoaren egoitzan egindako erasoa, eta elkartasuna adierazi die Azpeitiko udaltzainei nahiz Ertzaintzaren agenteei. Halaber, euskal poliziaren lana "babesten" duela adierazi du EAJk.

Azpeitiko istiluek aurrez Gipuzkoako beste bi herritan gertatutakoen "ezaugarri berak" dituztela esan du EAJk. "Ekainaren erdialdean, Beasainen, zerbitzuz kanpo zegoen ertzain bat kanporatu zuten txosnen esparrutik, derrigortuta. Hamar egun geroago, Hernaniko jaietan, beste eraso bortitz eta masibo bat izan zen udaltzaingoaren bulegoetan, kutsu arrazista zuena, eta "Gora ETA militarra" oihukatzen zen bitartean. Asteburu honetan, Azpeitian, udaltzainei eraso egiten saiatu dira".

Indarkeria ekintza horiek hiru jai agertoki desberdinetan gertatu baziren ere, "antzeko ezaugarriak" dituztela esan du EAJk, eta balorazio politikoa behar dutelakoan dago, "jarraibide kezkagarria iradokitzen duten osagarriak" dituztelako. Batetik, jai giroan "gazte taldeen artean jarrera bortitzak" izatea aipatu du alderdi jeltzaleak; bestetik, berriz, Ertzaintzaren aurkako erasoak eta irainak azpimarratu; eta bestalde, EH Bilduren jarrera salatu. Izan ere, EAJren ustez, gertaera saihestu eta beste aldera begiratzen du, "indarkeria ekintzak gertatu ez balira bezala".

Are okerragotzat jo du Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen jarrera, "udal bulegoei egindako erasoa ez baloratzeaz gain, Ertzaintzari neurriz kanpoko hedapena egitea egotzi diolako. EAJk zehaztu du Azpeitiko udaltzainek egindako laguntza eskaerari erantzuteko jo zuela Ertzaintzak udaletxera.

Gipuzkoako EAJ "oso kezkatuta" agertu da horrelako gertaeren aurrean, baita EH Bilduren eta hango ordezkarien erreakzioengatik ere. "Beasainen, Hernanin edo Azpeitian gertatutakoak indarkeriaren erabilera onargarritzat jo duen kultura politiko baten ondorio dira", gaineratu du. Testuinguru horretan, EH Bilduk erantzukizun "erantsi bat" duela esan dute jeltzaleek: "[Erantzukizuna] Bere gain hartu beharrean, bere familia politikoarekin zerikusirik ez duten errudunak aipatzen saiatuz saihesten du, baina egitateen larritasunak zuzenketa eta kondenaren erreakzio argi eta sendoa eskatzen ditu".

Bestalde, Ertzaintzari "elkartasuna" adierazi dio EAJk, "kalte handiagoak saihestu" zituelako, eta aldi berean, Hernaniko istiluen ostean adierazi zuen gauza berbera azpimarratu du: "Historiak erakusten du indarkeriarekiko jarrera pasiboak edo akritikoak bere logika eta belaunaldi transmisioa berrelikatzea baino ez duela lortzen". Horren aurrean, EH Bilduri indarkeriaren baliabidea ordezkatu zuen eta ordezkatzen jarraitzen duen "akats etikoari eta politikoari buruz argi eta irmo" hitz egiteko eskatu dio EAJk, "belaunaldi gazteen hezkuntza demokratikoak eta Azpeitiko eta Euskadiko bizikidetzak lidergo etikoa" behar duela uste duelako.

Ahaldun nagusiaren gaitzespena

Eider Mendoza ahaldun nagusiak ere idatzi bat kaleratu du, igande goizaldean hainbat udaltzainek eta ertzainek "herritar talde baten eskutik jasandako erasoaren eta bortizkeriaren aurrean", eta babes osoa adierazi die horiei. Azken asteetan Ertzaintza Gipuzkoako zenbait herritan "antzeko egoera salagarrietan" aurkitu dela zehaztu du hark, eta gogorarazi du tentsio handiko momentuetan udaltzainek eskatuta bertaratu direla ertzainak.

Halako egoeren aurrean "argi" hitz egin behar dela ere esan du, eta "printzipio" kontua dela uste du. "Segurtasuna herritarren kexa nagusien artean kokatu den honetan, beharrezkoa da gizartea babesteko ardura daukatenekiko errespetua eta babesa bermatzea", adierazi du. Haren ustez, "inolaz ere ezin da onartu", bortizkeria erabilita "segurtasuna bermatzen duten polizien" aurka egitea. Hori dela eta, "erabat gaitzetsi" du Azpeitian jazotakoa.

"Poliziaren aurkako bortizkeria egoeren aurrean", herri erakundeek eta ordezkariek "jarrera irmoa" erakutsi behar dutela esan du Mendozak: "Udaltzainen eta ertzainen aurkako bortizkeria deslegitimizatu behar da, bereizketarik egin gabe". Haren ustez, azken urteetan elkarbizitza "izugarri hobetu" den arren, Azpeitian "udaltzainek eta ertzainek jasandako erasoek iraganera itzultzea" eragiten dutela esan du. "Iraganeko eta gaur egungo indarkeria errotik ez deslegitimatzeak biharko bortizkeria ernarazi dezake. Irmoki salatu ditzagun halako jarrera bortitzak, biolentziak ez dezan berriro euskal lurrean sustrairik bota", gaineratu du.

Igande goizaldean hasi ziren istiluak Urola kalean, herritar batek pilentzako edukiontzi batean ACAB [All Cops Are Bastards ingelesez, "polizia guztiak sasikumeak dira" euskaraz] idatzi zuela-eta Ertzaintzak identifikatu zuenean. Gero, Udaltzaingoaren egoitzaren parean jarraitu zuten istiluek, hainbat herritar hara joan baitziren udaltzainei erantzukizunak eskatzera. Gertatutakoaren harira, istiluez esandakoak gezurtatu eta "poliziaren gehiegikeriak" salatu zituzten atzo goizean Gaztetxeko kideek. Halaber, arratsaldean, "poliziaren indarkeria eta gazteen kontrako kriminalizazoa" salatzeko elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide