Imanol Zengotitak eta Jose Rodriguezek irabazi dute Azpeitiko XXII. Auto Klasikoen Rallya

Nerea Uranga 2025ko uzt. 20a, 16:00

Gipuzkoako eta Nafarroako errepideetan barrena 250 kilometroko ibilibidea egin zuten atzo auto klasikoen rallyko parte hartzaileek. Irteera eta helmuga Azpeitiko epaitegiaren aurrean izan zuten.

250 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten atzo Maykel del Cid zenaren oroimenezko Auto Klasikoen XXII. Rallyko 86 parte hartzaileek. 11:00etan irten zuten Azpeitiko epaitegiaren plazatik eta 20:00etarako iritsi ziren ibilbidea bukatu zutenak irteerako toki berera, Gipuzkoako eta Nafarroako errepideetan ibili ostean.

Behin klasikoen rallyko auto eta parte hartzaile denak Azpeitiko epaitegi aurreko plazan zirenean banatu zituzten sariak Lagun Artea Eskuderiakoek, 21:00etan hasita. Azpeitiko XXII. Auto Klasikoen Rallyko txapeldunak Imanol Zengotita eta Jose Rodriguez izan ziren. Bigarren postuan egin zuten Txema Forondak eta Pilar Rodasek. Hirugarren postuan eginda, podiuma osatu zuten Jorge del Cidek eta David Carrerok.

Hamarkadaka eta taldeka sariak

Hamarkadaz hamarkadako autoen sarien artean honakoak izan ziren irabazleak: 70eko hamarkadako autoen artekoen saria Jagoba Agirrek eta Ibon Juaristik irabazi zuten, 1970. urteko Alpine A110 autoarekin; 80ko hamarkadako autoen artean onenak Joxe Labaka eta Joxemiel Zendoia izan ziren 1986. urteko Citroen Visarekin; eta 90eko hamarkadako autoen artean Alberto eta Angel Martínez de Lizarrondo anaiek irabazu zuten 1992. urteko Renault Clio 16V-arekin.

Taldekako sariak, berriz, honakoak izan ziren: Rally klasikoan zero gehien egin zuen taldea Ion Aranetak eta Jon Aranetak osatutakoa izan zen; Mercedes 190 2.3 16V autoarekin irten zuten klasikoan. Emakumeek osatutako talde irabazlea Maria Aranbarrik eta Ohiana Arizkorretak osatutakoa izan zen, eta hauek BMW 325i batekin parte hartu zuten rallyan. Taldeen artean irabazlea Maykel del Cid taldea izan zen, eta saria Iñaki Orbegozok eta Aitor Salegi jaso zuten.

(Argazkiak: Gorka del Cid)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide