Hamalau baltsa uretan eta 300 lagunetik gora bazkaltzen Gaztetxearen urtemuga berezian

Nerea Uranga 2025ko uzt. 19a, 17:45

Azpeitiko Gaztetxearen 20. urteurrenaren ospakizunen barruan egun berezia dute gaur gazteek. Eguerdian, baltsa jaitsiera egin dute. Bazkaltzeko, berriz, Azoka Plazan elkartu dira. Urtemuga bereziko egitarau potoloa Gaztetxean bertan bukatuko dute kontzertuekin.

Azpeitiko Gaztetxearen garrantzia nabarmenduz hasi zituzten uztailaren hasieran Azpeitiko Gaztetxearen 20. urtemugaren ospakizunak. Bi hamarkadetako ibilbidean herriko hainbat gazte belaunaldirentzat Gaztetxea izan dena eta dena aldarrikatuz egin nahi izan dituzte jarduerak, eta gaur egun osoko aldarria ere horixe dute.

Eguerdira artean Gaztetxea vs gai hartuta egindako hamalau baltsa izan dira erakusgai plazan. Bitartean, hamaiketakoa egiteko aukera ere egon da.

Hamabietan, Azoka Plaza aldamenetik baltsak uretaratu dituzte, ibaian behera Magdalena auzora parera jaitsiz. Aurtengoan ere, herritar asko bildu da baltsa jaitsiera ikusteko, bai ibaiertzetan eta bai zubietan. Baltsetan joan diren gazteek nahiko lan izan dute ibaian aurrera egiten, ur gutxi zegoelako. Beraz, ibilbidearen zatirik gehiena oinez egin behar izan dute. 

Baltsa jaitsiera bukatu ondoren, Azoka Plazan bildu dira Gaztetxekoak bazkaltzeko. 350 gazte elkartu dira otordura.

Bazkalostean Gaztetxeak antolatutako futbito txapelketako eta baltsa jaitsierako sariak banatu dituzte. Baltsa jaitsierako sarituak Eolikoak, Skapaye eta Kontu lepo izan dira.

Goizaldera bitartean jarraituko dute Azpeitiko Gaztetxearen 20. urtemugako ekitaldiek: arratsaldean karropoteoa egingo dute kaleetan zehar, 20:00etan Gaztetxea irekiko dute eta 20:30etik aurrera, Istilu, Verrater eta Labankada taldeen kontzertuak izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide