Maykel del Cid zenaren oroimenezko Auto Klasikoen XXII. Rallya izango da zapatuan. Azpeititik abiatu eta Gipuzkoako nahiz Nafarroako errepideetan barrena ibiliko dira partaideak; Lagun Artea eskuderiak jakinarazi duenez, 86 taldek eman dute izena.
Horiek egiaztapenak egingo dituzte goizean, 09:00etatik aurrera, Epaitegiaren aurreko plazan. Rallya, berriz, 11:00etan hasiko da, eta hainbat tramo gauzatu beharko dituzte partaideek. Orotara, 250 kilometroko ibilbidea egingo dute, 25 urtetik gorako autoetan.
Hitzorduan parte hartuko duten herritar gehienak Gipuzkoakoak izango dira, baina Arabako, Bizkaiko, Errioxako, Kantabriako eta Valentziako kidez osatutako taldeak ere izango dira aurtengoan. Rallyan parte hartuko duten herritarrek erabiliko dituzten auto zaharrenak Joxean Aranetaren Porsche 911T eta Jagoba Agirreren Renault Alpine A110 izango dira, biak ala biak 1970ekoak. Gainera, 1972. urteko Javier del Ciden Ford Escort MK-II eta Josu Aranetaren Porsche 911 ere ikusi ahal izango dira rallyan.
Auto klasikoen rallyak badu berezitasun bat; trafikoarentzat irekita dagoen errepidean egiten da. Ondorioz, edozerk eragin dezake denbora galtzea. Dena den, antolatzaileek ikusleei eskatu diete, ahal duten neurrian, partaideek bidea errazteko.
Hainbat zatiko ibilbidea
Lehen partaideak 11:00etan aterako dira Epaitegiaren aurreko plazatik. Aurreneko tramoa Mandubian barrena egingo dute, eta gero, Lazkaora joango dira. Han Lizarrustiko tramoa hasiko dute, eta hurrengoa, Otzaurtekoa izango da. Gero, Etxarri-Aranazko Aritzalko jatetxean egingo dute geldialdia, eta Aztiriako zatiari ekingo diote segidan; Legazpira iristean Aitxuri jatetxean hartuko dituzte indarrak partaideek.
Bazkal ostean, Abaltzisketako tramoa egingo dute parte hartzaileek, eta gero, Aiakoari ekingo diote. Zarautzen bukatuko da zati hori, eta Munoa plazan ikusgai izango dira auto denak ordubete inguruz, 17:30etik aurrera. Segidan, Meaga mendateko tramoa egingo dute taldeek, eta Azpeitiko Epaitegiaren plazara itzuliko dira auto guztiak 20:00etarako.
Sari banaketa ekitaldia han bertan egingo dute, 21:00etan hasita, eta segidan, afaria egingo dute Lau Bide jatetxean.