Gipuzkoako Azoken Sareak martxan jarritako Azokatik Mahaira egitasmoaren barruan, sukaldaritza tailerra eskaini zuten atzo Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak Azoka Plazan. Hara joandako dozenatik gora herritarri sukaldean aritzeko hainbat gako eman zizkieten tailerraren bi gidariek, bertako produktuz osatutako plater bat prestatu bitartean.
Azoken Sarea osatzen duten 11 herrietako azoketara kontsumitzaileak erakartzea da Azokatik Mahaira egitasmoaren xedea, eta hainbat tailer ari dira eskaintzen batean eta bestean. Sare hori Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak garatzen du, lurraldeko hainbat udalekin batera.