Plaza ederra, emanaldia ere bai

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 11a, 08:30

Jendez lepo bete zen atzo Magdalenako baselizaren ataria, Aire (H)ari bikotearen emanaldiarekin. Udako Musika Printzak egitasmoaren aurtengo edizioko aurreneko kontzertua izan zen. Datorren ostegunean eta ostiralean izango dira beste biak, Enparan dorretxearen atzeko zelaian; Easo Sinfoniettak eta Mucalinda Famenkok eskainiko dituzte kontzertuak.

Giro paregabea, leku ederra, musika saio zoragarria. Hiruko horrexek egin zuen bat atzo iluntzean, Magdalenako baselizaren atarian, Aire (H)ari bikotearen emanaldian. 21:00ak jotzerako, aulki ia guztiak hartuta ziren, eta hastear zen Ignacio Arakistainek pianoan eta Oscar Rodriguezek harmoniumean eskaini behar zuten kontzertua.

Bi musikariek emanaldi ederra eskaini zuten, Magdalenara joandakoen gozamenerako. Bach, Franck, Widor edo Wagner gisako egile handien piezak eskaini zituzten XIV. mendeko ermitaren atarian, ordubete bueltan iraun zuen emanaldian.

Datorren astean, berriro

Atzoko emanaldiarekin hasi besterik ez zen egin Udako Musika Printzak egitasmoa. Izan ere, zikloko bigarren eta hirugarren emanaldiak datorren astean izango dira, herriko beste txoko batean; Enparan dorretxearen atzeko zelaian, hain zuzen ere. Horiek ere 21:00etan hasiko dira.

Datorren ostegunean Easo Sinfoniettaren txanda izango da, eta Mucalinda Famenko hirukotearen kontzertua, berriz, ostiralean. Easo Sinfonietta duela bi urte sortu zuten musika ikasle eta musikari profesional hainbatek. Horiek Carl Reinecke alemaniarraren Flautarako kontzertua eta Manuel de Falla espainiarraren El amor brujo pantomima eskainiko dituzte. Gainera, De Fallaren obra emateko, Mireia Galarzaren laguntza izango dute musikariek –azpeitiarrak egingo ditu narratzaile lanak–.

Mucalinda hirukoteak eskainiko du zikloaren barruko hirugarren eta azken kontzertua, eta ez da nolanahikoa izango. Hain zuzen ere, flamenko fusioa jorratzen dute Daniel Ayala eta Igor Iturria gitarristek eta Alvaro Urbano perkusionistak, eta Azpeitian izango dira udako gau batez musika printzak eskaintzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide