Gaueko autobus zerbitzu bereziak izango dira santioetan eta saninazioetan

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 10a, 12:41

Autobus bat, Loiolan. (La Guipuzcoana)

Azkoitira, Zestoara eta Errezilera eskainiko dituzte santioetan gaueko autobus zerbitzu bereziak. Saninazioetan, ordea, kostaldeko herrietara arteko autobusak ere egongo dira, hala nola Zumaiara, Getariara eta Zarautzera.

Lurraldebusek autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu Azpeitiko santioetan eta saninazioetan. Santioetan, uztailaren 24tik 25era arteko gauean, Azkoitira, Zestoara eta Errezilera izango dira autobusak. Saninazioetan, uztailaren 30eko, 31ko eta abuztuaren 1eko gauetan, aurreko hiru herrietarakoez gain, Zumaiara, Getariara eta Zarautzera ere izango dira zuzeneko lineak.

Santioetan, Azkoitia eta Zestoa lotuko dituen autobusak izango dira, batetik. Azkoititik 00:00etatik 06:00etara orduero –00:00etan, 01:00etan, 02:00etan, 03:00etan, 04:00etan, 05:00etan eta 06:00etan– aterako dira autobusak Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik, geldialdiak Azpeitian nahiz Zestoan eginez. Ordea, aurkako noranzkoan ere ibiliko dira autobusak, Zestoatik Azkoitira arte; 00:20ean, 01:20ean, 02:20ean, 03:20ean, 04:20ean, 06:20ean eta 06:20ean abiatuko dira handik. Azpeititik Errezilera, berriz, bi orduz behin egingo dute bidaia autobusek, hain justu, 02:00etan, 04:00etan eta 06:00etan.

Saninazioetan, bestalde, zabalagoa izango da autobusen eskaintza, Urola Erdiko hiru herri horiek lotzeaz gain, Zumaia, Getaria eta Zarautz ere lotuko baititu; Zestoan ere egingo du geldialdia kostalderako noranzkoa egingo duen autobusak. Lau herri horietara iritsiko diren zerbitzuak 00:30ean, 01:10ean, 02:30ean, 03:10ean, 04:30ean, 05:10ean eta 06:30ean aterako dira Azpeitiko anbulatorio aurreko geralekutik; dena den, 06:30eko autobusa uztailaren 30etik 31ra arteko gauean eskainiko dute soilik, gainerako bi egunetan ez. 

Azpeititik Azkoitira eta Errezilera ere izango dira autobusak saninazioetan. Azkoitira joateko, 00:10ean, 01:40ean, 02:40ean, 03:40ean, 04:40ean, 05:40ean eta 06:40ean aterako dira autobusak Azpeitiko anbulatorioaren paretik. Errezilera, aldiz, 02:00etan, 04:00etan eta 06:00etan. Ordea, azken orduko autobusa uztailaren 30etik 31ra arteko gauean eta abuztuaren 1etik 2rako gauean eskainiko dute soilik Errezilera; hilaren 31tik abuztuaren 1era ez da autobusik izango 06:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide