Joan direnak gogoan, dantza ikusgarriak eskaini dituzte Dantzaki eskolakoek Soreasun

Maialen Etxaniz 2025ko uzt. 7a, 08:45

Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruko hirugarren emanaldia eskaini zuten atzo Dantzaki eskolako dantzariek Soreasu antzokian. Jendez lepo bete zen aretoa ikuskizunerako. Emanaldian zehar gogoan izan zituzten Josefa Egiguren eta Manuela Blanco. 

Beste urte batez, ikusmin handia piztu du Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolako dantzarien ikuskizunak. Atzo, igandez, eskaini zuten erakustaldia Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan, eta jendez lepo bete zen aretoa hitzordurako, areto dantzek Azpeitian beti sortu ohi duten ikusminaren erakusle. Urtero bezala, adin desberdinetako hamarnaka lagunek parte hartu zuten saioan, eta askotariko dantzez gozatu ahal izan zuten ikus-entzuleek: salsa, bachata, txa-txa-txa, tangoa, pasodoblea...

Jose Mari Orbegozoren eskolako ikasleek abilezia handiz taularatu zituzten ikasturtean zehar ikasitakoak, ordu eta erdi pasa iraun zuen emanaldian. Festa giro alaian eskaini zuten ikuskizuna, baina izan zen une hunkigarririk ere. Saioa hasterako, gogoan izan zuten ekainean zendu zen Manuela Blanco, urte luzez Dantzaki eskolan aritutakoa. Blancok Dantzakin igarotako urteetan zehar egindako argazkiekin osatutako bideo hunkigarriak ireki zuen atzoko emanaldia, ikusleen txalo artean. Emanaldian zehar Orbegozoren ama ere hartu zuten gogoan, Josefa Egiguren zena, hain zuzen, eta hari eskaini zioten ETSren Abuela maitea kantuarekin egindako koreografia. 

Amaieran, eskertzarako eta omenaldirako tartea ere izan zen. Urte luzez Dantzakin ibilitako Mailu Arregiri egin zioten aitortza, baita Beatriz Isarti ere, hura ere Orbegozorekin urte luzean ibilitakoa. Hirugarren eta azken aitortza Maria Dolores Egigureni egin zioten, Orbegozoren izebari. Bakoitzari lore sorta bana eta txalo zaparrada eskaini zioten. 

Azpeitia Dantzan, bukatzear

Aurtengo edizioko laugarren eta azken emanaldia Itsasi dantza taldeak eskainiko du uztailaren 20an, larunbatez. 19:00etan hasita eskainiko dute ikuskizuna taldeko kideek, Ainara Bidalen gidaritzapean. Soreasu antzokian izango da saioa, eta aurrez gonbidapenak hartu beharko dira.

(Argazkiak: Maialen Etxaniz)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide