Luis Alberdi Beltza-ren eskolakoek eta musika eskolakoek estreinatu zuten aurtengo Azpeitia Dantzan joan den asteburuan, eta asteburu honetarako bi hitzordu zituen udako dantza egitasmoak.
Horietako lehendabizikoa atzo arratsaldean iritsi zen, Sahatsaren eskutik. Sahatsa Azpeitiko plazan ikuskizunarekin Euskal Herriko dantzez bete zuten herriko plaza Azkoiti-Azpeitiko dantzariek. Lapurdiko, Nafarroa Behereko, Bizkaiko zein Zuberoako dantzak eskaini zituen Sahatsak atzoko emanaldian; eguraldi bikainak lagunduta elkartu ziren ikus-entzuleen gozamenerako.
Gaur, berriz, Soreasu antzokian izango da Azpeitia Dantzanen barruko hitzordua. 19:00etan hasita, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoek areto dantzen urteroko ikuskizuna eskainiko dute han. Sarrera doakoa da, baina aurrez gonbidapena hartuta soilik; lotura honetan gorde behar dira gonbidapenak, eta gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen.
Bi asteburu barru bukatuko da Azpeitia Dantzanen aurtengo aldia, Itsasi dantza taldearen emanaldiarekin. Soreasun ariko dira Itsasikoak ere uztailaren 20an, igandea, 19:00etan, eta emanaldi hori ikusteko ere gonbidapenak hartu behar dira.