Zaldi Martxa, martxa ederrean

Ihintza Elustondo 2025ko eka. 28a, 10:49

35 bat zaldi eta jabe elkartu dira goizean Loiolan, lehen aldiz antolatu duten Zaldi Martxan parte hartzeko. Inguruotako mendietan barrena ibiliko dira, ibilbidea 13:30-14:00 aldera Loiolan bertan bukatu arte. Azpeitia ingurutik ez ezik, urrunagotik ere bertaratu dira zaldizaleak. 

Lehen Zaldi Martxa egin dute gaur Azpeitian, martxa ederrean. 08:00 aldera elkartu dira handik eta hemendik bertaratutako zaldiak eta haien jabeak, Loiolako basilikaren ondoko aparkalekuan. Batzuk zuriak, besteak gorrixkak, Pipi Kaltzaluzeren kidea gogora ekartzen zutenak.... era askotako zaldiak bildu dira, guztiak ere ikusgarriak. Animaliak orrazten, txukuntzen eta azpiak garbitzen aritu dira jabeak, eta dena ondo prestatu ostean, 09:00 aldean ekin diote ibilbideari.

Lehen-lehenik, basilikaren aurrean guztiak elkarren ondoan jarri eta argazkia atera dute, aurreneko edizioa betirako izoztuta uzteko. Ondoren, Sistiaga errekarantz abiatu dira guztiak. Antolatzaileek adierazi dutenez, 35 bat zaldi eta jabe elkartu dira; horietako asko Azpeitia ingurukoak, baina baita urrunagotik etorritakoak ere: Altsasutik nahiz Beratik (Nafarroa) bertaratu dira zenbait, Amezketa (Gipuzkoa) aldetik ere bai... 

Zumaian, Amezketan nahiz Nafarroa aldean badute ohitura zaldizaleak elkartu eta denek batera ibilbideak egiteko. Orain arte Azpeitian afizio hori dutenak beste herrietara joan izan dira halako martxetan parte hartzera, baina aurtengoan, herrian bertan antolatzera animatu dira. Adierazi dutenez, Oletan hamarretakoa egingo dute, eta ibilbidea 13:30-14:00 aldera amaitzea aurreikusten dute, Loiolan bertan. Ondoren, bazkaria egingo dute.

Ikusmin handia sortu du ekintzak goizean goiz Loiola aldean. Paseatzaile goiztiarrak, bizikletan buelta bat ematera irten direnak.... asko eta asko gelditu dira zaldiei begira. Argazkiak ateratzera ere animatu dira batzuk, aspaldian halakorik ikusi gabe zeuden seinale. Inguruotako mendietan dabiltzan herritarrek ere, seguru asko izango dute goizean zehar zaldi horiekin topo egiteko aukerarik. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide