LGTBIQ+ kolektiboaren memorian eta erreparazioan sakontzeko jardunaldia egingo dute urrian

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 27a, 11:38

'Kontuan hartzeko kontatua' jardunaldiaren aurkezpeneko partaideak Azoka Plazako eskaileretan, atzo. (Mailo Oiarzabal)

Udalak Eiherarekin elkarlanean antolatuta, urriaren 4an egingo dute Azoka Plazan Kontuan hartzeko kontatua egun osoko jardunaldia, beste tokietako esperientziak ezagutzeko zein herrikoak plazaratzeko. Irailean irekiko dute izen ematea.

Kontuan hartzeko kontatua izenburuarekin, LGTBIQ+ kolektiboaren memorian eta erreparazioan sakontzeko jardunaldia antolatu du Azpeitiko Udalak Eihera kooperatibarekin. Urriaren 4an, larunbata, egingo dute, Azoka Plazan. Egitarauaren xehetasun guztiak irailean eman eta izen ematea ere orduan irekiko duten arren, atzo, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren atarian, egin zuten jardunaldia iragartzeko agerraldia, Emakumeen Txokoan.

Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburuak, Malen Aldalur sail bereko teknikariak eta Eihera kooperatibako Kattalin Minerrek hartu zuten hitza atzoko agerraldian, Azpeitiko LGTBIQ+ Asanbladako kideak ondoan zituztela.

Minerrek azaldu zituen urriko jardunaldia egiteko zergatiak eta helburuak. Urtebete joan da Eiherak udalarentzat herriko LGTBIQ+ errealitatearen gainean egindako diagnostikoa eta udalaren ekintza plana aurkeztu zituztenetik. Lanketa haren helburua ez zegoen, berez, kolektiboaren memoria jorratzera bideratua, baina "segituan" ikusi zuten Minerrek eta kideek "bazegoela zer kontatua eta, beraz, entzuteko beharra ere bai". Hain zuzen ere, beste toki batzuetako esperientziak entzuteko eta ezagutzeko para eskainiko du urriaren 4ko topaketak, eta bertakoak plazaratzeko ere bai. "LGTBIQ+ politiketan oso ohikoa izaten da beti zerotik hastearen sentsazio hori, eta guretzat inportantea zen beste leku batzuetan egiten ari diren hori jasotzea, partekatzea eta elkar ezagutzea. Baita LGTBIQ+ politikak politika publiko gisa kokatzea ere. Alegia, herritar guztientzako diren politikak dira, gure jendarteari ekarpena egiten diotenak, eta [LGTBIQ+] memoria ere horrela kokatzen dugu, memoria historikoaren barruan, gure herriaren memoriaren parte", azaldu zuen Minerrek.

Urriaren 4an, orain arte LGTBIQ+ memoria gordetzeko lan egin dutenei "errekonozimendua" egingo diete goizean, Memoria, artxiboa eta ahotsak atalaren barruan: Errenteriako (Gipuzkoa) Kuir Artxibo Bizia egitasmoko zein Aldarteko kideak, eta Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko (AFIT) Miren Guillo eta Laura Muelas izango dira Azpeitian, besteak beste. Azoka Plazan bertan bazkari herrikoia egin ostean, arratsaldean aurrera begira jarriko dira, politika publikoetan edota erreparazioaren arloan zer aurrerapauso eman behar diren jorratzeko. Bartzelonako Centre LGTBI BCNko Miriam Solak eta Azpeitiko LGTBIQ+ Asanbladako kideek parte hartuko dute jardunaldiaren bigarren zati horretan.

Gauean, festarekin borobilduko dute jardunaldia, Aner Peritzen eta Maider Arregiren bertsoekin, Maruxak taldearen Folklore travesti ikuskizunarekin eta Bad Sound Sister DJen saioarekin.

Azken urteak emandakoak

Duela urtebete aurkeztu zituzten diagnostikoaren ondoren eta ekintza planaren barruan orain arte egindakoaren beste katebegi bat izango da urriko jardunaldia, hala esan zuten atzoko aurkezpenean.

LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasunean, memorian dota erreparazioan "oraindik lan asko egiteko" dagoela ahaztu gabe, urtea "emankorra" izan dela uste du Arrieta zinegotziak, "zerbitzu eta proiektu berriak martxan jarri" ahal izan dituztelako. Horien errepasoa egin zuen Aldalurrek, azken urteak emandakoak zerrendatuz. Iazko diagnostikoaren emaitzak Oihu bat isiltasunean liburuxkan jaso zituzten, eta liburuxka horrek izan duen "arrakasta handia" nabarmendu zuen atzoko agerraldian Aldalurrek, besteak beste: hirugarren edizioa atera berri dute eta nahi duenak eskuragarri ditu aleak, doan, Emakumeen Txokoan. Baina LGTBIQ+ pertsonei eta haien ingurukoei zuzendutako aholkularitza zerbitzu berria da udalak bereziki nabarmendu nahi izan duena. "Ikuspegi feministatik eta gaian adituak diren psikologo profesionalen bitartez eskaintzen da, Emakumeen Txokoan. Doakoa da, eta hitzordua hartzeko, 688 75 10 00 telefono zenbakira deitu behar da", azaldu zuen Aldalurrek.

Espazio publikoan oro har eta jaietan bereziki kolektiboak izan duen "ikusgarritasun txikia" handitzeko urrats gisa, Jai Karnabalean Azpeitiko LGTBIQ+ Asanbladak udalarekin elkarlananean antolatutako Astindu armayuek! festa eta Udane Juaristik egindako murala aipatu zuen Parekidetasun saileko teknikariak. Ahalduntzeari eta sentsibilizazioari dagokionez, herriko festei begira prestatutako Danok eo inorrez sentsibilizazio kanpaina sustatu dute, eta Emakume Txokoan ere kolektiboko pertsonak saretzeko tresnak eta eskaintza areagotu dituzte. "Asanblada sortu izana ere oso pozgarria da guretzat. Taldeak modu autonomoan funtzionatzen du, baina espero dugu aurrerantzean ere egotea elkarlana udalaren eta haien artean", gaineratu zuen Aldalurrek. Azkenik, hekuntzaren arloan eta Hezkidetza Foruan egindako lanketa ere ekarri zuen gogora teknikariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide