Bizikletentzako bi aparkaleku itxi egokitzen ari da udala herrian. Sanjuandegin, Salbe auzuneko 17 eta 18 zenbakidun etxeen parean, jarriko dute bata; eta bestea, berriz, anbulatorioaren aurrean, Jose Artetxe kaleko 6. zenbakiaren alboan. Bi aparkaleku horietan hamarna bizikleta gordetzeko aukera izango da.
Aurreikuspenen arabera, bizpahiru astetan izango dira aparkalekuak erabilgarri, eta udalak orduan jakinaraziko du horiez nola baliatu ahal izango diten herritarrak. Izan ere, eparkalekua erabili ahal izateko aplikazio batean erregistratu beharko dute horiek. Adin txikikoen kasuan, berriz, heldu batek egin beharko du erregistro hori.
Erakundeak zehaztu duenez, aparkaleku horiek ez dira garaje moduan erabiltzeko izango, eta ondorioz, gehienez, zazpi egunez jarraian eduki ahal izango dira bizikletak horietan. "Egun kopuru hori pasatu aurretik bizikleta atera egin beharko du jabeak aparkalekutik, erabilera txandakatua bermatzeko".
Erabilera arau hainbat
Aparkaleku itxi horien funtzionamendurako eta erabilerarako arauak zehaztu ditu, gainera, Azpeitiko Udalak. Hain zuzen ere, herritar bakoitzak bizikleta bat gordetzeko aukera izango du aparkaleku horietan, beti ere lekua baldin badago. Gainera, atea irekitzen den aldiko pertsona bat eta bizikleta bat sartu ahal izango dira aparkalekuetara. Horrez gain, erabat debekatu dute aparkalekuetan bizikleta ez den beste edozein osagarri uztea, eta espazioaren antolamendua errespetatu beharko da.
Udalak beste arau batzuk ere zehaztu ditu. Besteak beste, aparkalekuen barruan gerta daitezkeen ezbeharrak ez dira erakundearen ardura izango, eta gunearen erabilera arduratsua egin behar dela adierazi du, hirugarrenei sortutako kalteen arduradun bakarra erabiltzailea izango dela zehaztearekin batera. Bestalde, aparkalekuek matxuraren bat edo kalteren bat baldin badute, herritarrek udalari jakinarazi beharko diotela ere jaso dute arautegian.
Herrian mugikortasun iraunkorra bultzatzeko estrategiaren barruan jarri ditu udalak bi aparkalekuak, zehazki, herritarrek herri barruko joan-etorriak bizikletaz egitea sustatzeko. Gainera, erakundeak adierazi duenez, lehendik ere badira herrian bizikletentzako aparkalekuak, baina herritarrek horiek lasai uzteko tokiak ere eskatzen zituzten.