Alde Zaharrean trastelekua izan nahi duten 34 auzotarren eskaerak jaso ditu udalak

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 26a, 12:39

Azpeitiko Udalak Erdikalean lortu duen lokala. (Azpeitiko Udala)

Enparan kalean, Erdikale eta Elizkale artean eta plazan dauden lokaletan egingo ditu trastelekuak udalak; "datozen asteetan" hasiko ditu lanak. Eskaera egingo duten herritar guztiek izango dute trastelekua.

Herritarrak Alde Zaharrean bizitzera erakartzeko asmoz, trasteleku komunitarioen proiektua abiatu zuen Azpeitiko Udalak 2024ko udaberrian, eta erakundeak jakinarazi duenez, proiektu arrakastatsua izaten ari da, 34 auzotarrek eskatu baitituzte lokalak. Eskaera egin duten guztiek izango dute trastelekua hilean 25 euroren truke, udalak aurreratu duenez.

Azpeitiko Alde Zaharrera herritarrak erakartzeko, auzotarrak eroso bizitzeko eta kaleetan mugimendua sortzeko hainbat neurri ditu martxan udalak, eta horietako bat da trasteleku komunitarioen proiektua. "Auzotarrek behin baino gehiagotan aipatu izan dute, etxeen ezaugarriengatik (igogailurik eta ganbararik ez, portal txikiak, etxe txikiak…), espazio arazoak izaten dituztela; trastelekuen bidez, erosoago bizitzen lagundu nahi zaie", azaldu du erakundeak ohar batean.

Proiektu hau martxan jarri aurretik, auzotarregin bilerak egin zituzten udal ordezkariek, proiektuaren berri emateko eta jendeak interesik izan zezakeen ikusteko. Interesa pizten zuela egiaztatuta, eskaerak aurkezteko epea zabaldu zuen udalak. Eskaera horietan, trastelekua zer kaletan izan nahi duten adierazi zuten herritarrek, eta irizpide hori kontuan hartuta, lokalak bilatzen hasi zen udala.

Horrela, deialdi ireki bat egin zuen erakundeak, Alde Zaharrean lokalen bat izan eta udalari alokatzeko interesa izan zezaketen herritarrei zuzenduta. Auzotarren interesak eta oinarrietan ezarritako baldintzak kontuan hartuta, hiru aukeratu zituen, eskaera guztiak ase ahal izateko. Enparan kalean, Erdikale eta Elizkale artean eta plazan daude lokal horiek; hain zuzen, Enparan kalerako hamabost eskaera egon dira; Erdikale eta Elizkale arterako bederatzi; eta plazarako, hamar. Eskatutako kalean izango dituzte trastelekuak eskaera egin duten 34 auzotarrek.

Plazako lokala, 15 trasteleku egingo dituzte bertan. (Azpeitiko Udala)

42 trasteleku

Udalak ohar batean azaldu duenez, hiru lokalak antzekoak dira (batez beste, 7 metro koadro inguruko azalera dute), baina asteartean zozketa egin zuten udaletxean, tokatutako hurrenkeran aukeratu ahal izateko zein lokal nahi zuten auzotarrek.

"Datozen asteotan" lokal trastelekuak egiteko lanak hasiko ditu udalak eta, iragarri duenez, eskatutakoak baino gehiago egingo ditu, lokalen ezaugarriak horretarako aukera ematen dutelako: 17 egingo ditu Enparan kalean, 10 Erdikale eta Elizkale artean eta 15 plazan; 42 guztira.

Enparan kaleko lokala. (Azpeitiko Udala)

Alokairu bitartez funtzionatuko dute trastelekuak, eta hilean 25 euroko kostua izango dute. Interesa duten herritarrek udaletxean eska dezake informazioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide