Europako Mendietara irteera antolatu du Lagun Onak MBk uztailaren 19ko astebururako

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 26a, 10:44

Lagun talde bat Europako Mendietan.

Uztailaren 19tik 20ra egingo dute irteera. Peña Vieja eta Cruz de la Viorna tontorretara joango dira mendizaleak. Parte hartzeko nahitaezkoa da federatuta egotea eta aurrez izena ematea.

Urtero bezala, Lagun Onak mendi bazkunak Europako Mendietara irteera egingo du aurtengoan ere. Uztailaren 19 eta 20ko astebururako antolatu dute egonaldia, eta 2.500 metroko altuera gainditzeko erronka izango dute mendizaleek, larunbatean Peña Viejako tontorrera ibilaldia egitea proposatzen baitu mendi bazkunak.

Larunbatean, uztailak 19, abiatuko dira mendikate ezagunera. 04:00etan hartuko dute autobusa Azpeitiko anbulatorioaren aurrean, goizean goiz, egun horretan 20 kilometro eta 1.900 metroko desnibela izango dituen ibilaldia egingo baitute: Espinama herritik (867 m) abiatu eta Alivako aterpera (1.670 m) egingo dute, handik Peña Vieja tontorrera iristeko. Europako Mendietako tontor klasikoetako bat da Peña Vieja, eta 2.613 metroko altuera iristen du. Handik, beste klasiko batera egingo dute, Fuente De-ko teleferikora (1.823 m).

Igandeko txangoa, aldiz, aukerakoa izango da, beraz, karunbatean indar guztiak akituko ez dituztenek Cruz de la Viorna (1.151 m) mendira joan-etorria egingo dute.

12:00etan abiatuko dira Potestik Azpeitira itzultzeko, eta bazkaria bidean egingo dutela zehaztu dute antolatzaileek.

Izen-ematea irekita

Jadanik izena emateko aukera zabaldu du Lagun Onakek. Horretarako, bazkideek 90 euroko transferentzia egin beharko dute mendi bazkunaren kontu korrontean (Rural Kutxa: ES05 3008 0152 64 5416695822), norbere izen-abizenak zehaztuta, eta bazkide ez direnek, 110 euroko transferentzia egin beharko dute. Parte hartu nahi duen orok ordainagiria lagunonak.ibilaldiak@gmail.com helbidera bidali beharko du. Ordain horretan, autobusa eta Postesko Brisas del Deva albergean egonaldia nahiz larunbateko afaria eta igandeko gosaria sartuko dira. Igandeko bazkaria, berriz, nork berea ordaindu beharko du.

Izena emateko azken eguna uztailaren 17a izango da, eta gehienez ere 29 pertsonarentzako plazak egongo dira. Bestalde, Lagun Onak MBk ohartarazi duenez, irteera honetan parte hartzeko beharrezkoa da federatuta egotea eta federatu txartela gainean eramatea. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide