Sierben komentua erosi du Azpeitiko Udalak

Julene Frantzesena 2025ko eka. 25a, 12:49

Sierben eraikinaren kanpoaldea. (Maialen Etxaniz)

Udalak eta Mariaren Sierben kongregazioak salerosketa akordioa egin dute. Bi milioi eurotan eskuratuko du erakundeak herriaren erdigunean dauden eraikina eta partzela. Eremu horrek ekipamendu erabilera duela eta kalifikazioa aldatzeko asmorik ez duela adierazi du udalak. Erosketa estrategikotzat jo du alkateak.

Sierben komentua erosi du Azpeitiko Udalak. Hala jakinarazi du gaur erakundeak. Mariaren Sierben kongregazioarekin akordioa egin du udalak, eta ondorioz, herriaren erdigunean dauden eraikina eta partzela eskuratuko ditu, "herriaren onurarako" erabili ahal izateko. Komentuak 3.254 metro koadro ditu guztira, eta berdeguneak 8.291 metro koadro.

Udalak bi milioi euroren trukean erosi du eremua. Erosketa Azpeitia Berritzenen bidez egin du erakundeak, eta gaur goizean egindako administrazio kontseiluaren bileran eman diote oniritzia salerosketarako dirua eskuragarri jartzeari. Beraz, salmenta datozen asteetan gauzatzea aurreikusten du erakundeak. Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez, erosketa sinatzea falta da, eta uztailean gauzatzea aurreikusten dute.

Azpeitiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) eremu horrek ekipamendu erabilera izan behar duela dago jasota, eta hain zuzen, horretan egin du azpimarra udalak. Izan ere, Sierbetako eremua osasun, gizarte, kultur, administrazio edo beste hainbat motatako ekipamenduetara bideratu beharko da. Alkateak zehaztu duenez, gainera, "momentuz", udalak ez du kalifikazio hori aldatzeko asmorik. "Eraikinari eman nahiko geniokeen erabilerari buruzko ideia batzuk baditugu, eta dagoeneko hasi gara ate batzuk jotzen", erantsi du hark.

Alkatearen arabera, erosketa "estrategikoa" da. Hark jakinarazi duenez, negoziazioek "denbora" eskatu diete, baina akordioa erdietsita, "izugarri pozik" daudela adierazi du. "Dagoen lekuan egonda eta dituen dimentsioak izanda, hasieratik iruditu zitzaigun interesgarria eremu hori erostea. Akordio on bat lortu dugula uste dugu, eta herri proiektu interesgarri bat garatu ahal izango dugu han", gaineratu du. Halaber, erosketa gauzatu arren, udalak gastu araua betetzen jarraitzeko arazorik ez duela izango eta inbertsio horrek etorkizuneko inbertsioak ere ez dituela kolokan jarriko esan du.

Iazko udaberrian utzi zuten mojek Azpeitiko Sierbetako komentua –elizkizun jendetsua egin zuten agurrean–, eta orduz geroztik, hutsik izan da eraikina. 1899.an etorri zen Mariaren Sierben kongregazioa Azpeitira, eta haien egitekoa gaixoak zaintzea izan da urte luzez; etxez etxe ibili izan dira horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide