Azpeititik Zarauzko bidea hartu dute Donostiako Elizbarrutiaren jubileu ibilaldikoek

Nerea Uranga 2025ko eka. 21a, 08:35

Erromesaldian parte hartzen ari direnak gaur goizean Azpeitiko parrokiaren aurrean. (Nerea Uranga)

Itxaropenean erromes lelo hartuta, Arantzazuko santutegia eta Donostiako Artzain Onaren katedrala lotuko dituzte lau egunetan erromesek. Atzo iritsi ziren Azpeitira, eta gaur bertatik Zarautzera arteko bidea egingo dute.

Kristauen urte santua edo jubileu urtea dela-eta Donostiako Elizbarrutiaren 75. urteurren ekitaldien barruan, Itxaropenean erromes lelo hartuta, erromesaldia hasi zuten ostegunean Arantzazuko santutegian. Lau egunetan,  Donostiako Artzain Onaren katedralera iristeko helburuz hasi zuten bidea erromesek.

Azpeitiko parrokiko Bakardadearen kaperan erromesak otoitz egiten gaur goizean. (Nerea Uranga)

Atzo, Zumarragatik Azpeitira arteko bidea egin zuten erromesek, Loiolako santutegian geldialdia eginda. Gaur, 08:00etan Azpeitiko parrokiko Bakardadearen kaperan Mikel Aranguren Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusi azpeitiarrak gidatuta otoitz egin ondoren, Zarautzera arteko hirugarren etapari ekin diote. Lau etapetako luzeena dute gaurkoa erromesek, 24 kilometrokoa, hain zuzen. Zarautzera iritsi aurretik Iraeta, Oikia eta Santa Barbara igaroko dituzte; Iraetan hamaiketakoa egingo dute, Oikian bazkaria eta Santa Barbaran bazkalosteko geldialditxoa. Zarautzen19:00etan izango dute meza, Andre Mariaren Zeruratze parrokian. 

Bihar, berriz, Zarautz eta Donostia arteko bidea egingo dute erromesek. 08:00etan aterako dira horiek guztiak Zarauzko parrokiaren paretik, otoitza egin eta gero. Donostiara bidean, Orioko San Martin ermitan egingo dute hamaiketakoa, eta bazkaria, Igeldon. 15:00 aldera abiatuko dira ibiltariak Donostiarantz handik; izan ere, antolatzaileek adierazi dutenez Donostiako parrokia ezberdinetako lagunak ibilaldira batuko dira 15:45ean Ondarreta auzoko Ezeiza hotelaren parean, ibilaldiaren azken kilometroak elkarrekin osatzeko. 17:00etan, berriz, meza egingo dute Artzain Onaren katedralean, baina, aurrez, hango ate santutik igaroko dira erromesak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide