Musika, kantua eta pilota, sanjoanak ate joka direnean

Nerea Uranga eta Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 21a, 08:41

Bentazaharreko Mutiko Alaien emanaldia eta pilota jaialdia izan zituzten atzo Urrestillan. Gaur, berriz, 21:00etatik aurrera Ostarte, Ezpika eta Kanpax DJaren kontzertuak izango dira.

Urrestillan San Joan jaien bueltan urtero izaten dituzten bi hitzordu izan ziren atzo. Arratsaldetik iluntzera artekoa Bentazaharreko Mutiko Alaiak girotu zuten, 19:00etan plazan hasita kalerik kale ibili ziren musika joz eta kantuan, herritarrak lagun hartuta.

21:15ean, berriz, sanjoanetako pilota jaialdia izan zen Txikuri pilotalekuan. Binakako estelarra izan zen jaialdiko lehen partida: Jokin Altunak Altuna III.ak eta Julen Martijak Joseba Ezkurdiaren eta Beñat Rezustaren kontra jokatu zuten, eta bigarren bikoteak irabazi zuen tantu bakar bateko aldearekin, 21 eta 22 eginda. Jaialdiko bigarren partida, berriz, lau eta erdiko San Fermin Torneoko hamaseirenekoa izan zen: Dariok 22 eta 7 irabazi zion Julen Egiguren Egiguren V.a azpeitiarrari.

Festak ofizialki etzi, astelehena, San Joan bezperan hasiko dituzte Urrestillan, baina gaur ere ez da jai girorik faltako. Izan ere, 21:00etan hasita, Ostarte, Ezpika eta Kanpax DJaren kontzertuak izango dira. Azpeititik Urrestillarako joan-etorria egiteko autobusak ere jarriko dituzte. 20:40ko lineako autobusaz gain, 22:30ean ere autobusa izango da Azpeititik Urrestillara joateko. Urrestillatik Azpeitirako autobusak, berriz, 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide