Kepa Susperregi, Izarraitz igeri elkartea, Marea Urdina eta euskarara etorriak dira 2025ko saninazioetako txupinazoa botatzeko hautagaiak. Azpeitiko Udalak gaur jakinarazi ditu hautagaien izenak herritarrek egindako proposamen guztiak aztertu ostean. Dagoeneko eman daiteke hautagaien aldeko boza honako lotura honetan. Horrez gain, botoa emateko aukera jarriko dute udaletxean, igerilekuan eta liburutegian, horretarako egokituko dituzten postontzietan. Dena ondo bidean, ekainaren 30ean jakinaraziko dute nork botako duen saninazioei hasiera emateko suziria.
Boza emateko prozedura iazko bera izango da: herritar bakoitzak behin bakarrik eman ahal izango du botoa, eta hori ziurtatzeko nortasun agiria eskatuko dute. Beraz, herrian erroldatuta ez daudenek ezingo dute bozketan parte hartu.
Mikel Odriozola Festa batzordeburuak azalduduenez, herritarrek hogei hautagai baino gehiago proposatu dituzte txupinazoa botatzeko, "taldeak nahiz norbanakoak, elkarrengandik oso desberdinak". Horietako batzuk pertsona batek baino gehiagok proposatutakoak izan direla ere nabarmendu du Odriozolak.
Hautagaiak erabakitzerako unean, Udaleko Festa Batzordeak kontuan hartu ditu, besteak beste, honako irizpide hauek: "Herriari egindako ekarpena, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina eta euskal kulturaren alde egindako lana".
Honako hauek dira udalak hautagaien inguruan emandako azalpenak:
- Kepa Susperregi. Azken 31 urteetan Azpeitiko erretore izan ostean, iazko urte amaieran Zarautzera lekualdatu zuten Susperregi. “Herritarrekin izandako gertutasunak eta laguntzeko borondateagatik” proposatu dute.
- Izarraitz Igeri Elkartea. Udazkenean beteko ditu 40 urte Izarraitz Igeri Elkarteak, eta urte hauetan “gaztetxoekin egin duen lan aparta” aitortzeko proposatu dute txupinazorako.
- Euskarara etorriak. Euskara ikastea erabaki dutenak, biharko euskaradunak. Euskaltegira joan eta euskara ikasteko hartu duten erabakia eskertzeko eta “ikasketa prozesuan jarraitzera animatzeko” proposatu dituzte.
- Marea Urdina. “Asko eta askori begiak ireki dizkiolako” proposatu dute Marea Urdina, aniztasun funtzionala duten pertsonak integratzeko egiten duen “lan izugarriagatik”.
Azpeitiko Udalak iaz eskaini zuen aurrenekoz herritarrei txupinazoa botatzeko hautagaiaren prozesuan parte hartzeko aukera. Orduko hartan, Uztarria-Guka, Elkar-ekin, Sierbetako mojak eta azokako ekoizleak izan ziren hautagaiak. Azkenean, herritarrek horrela erabakita, azokako ekoizleek bota zuten saninazioei hasiera emateko suziria.