2023an Irunberri, 1990: Arroilaren negarra eta 2025ean Iñaki bota daue (Kanpazar, 1975. Gerra zikinaren hastapena). Oñatiko (Gipuzkoa) Gure Bazterrak elkartearekin elkarlanean egin duen bigarren liburua aurkeztu du gaur Pako Aristik (Urrestilla, 1975) Donostian. Aurrekoa bezala, Erein argitaletxeak plazaratu du Aristiren lana. Eta aurrekoan bezala, Espainiako Estatuaren eta indar armatuen gerra zikinaren kasu bat argitzen saiatzeko ariketa egin du idazle eta kazetariak.
Irunberriko arroilan (Nafarroa) 1990eko ekainaren 25ean guardia zibilek Susana Arregi eta Jon Lizarralde ETAko kideak hil ondoren Espainiako gobernuak hedatutako bertsio ofiziala gezurtatu zuen Aristiren 2023ko lanak. Iñaki bota daue liburuan, berriz, gezurtatzeko bertsiorik ez du izan idazleak. 1975eko urriaren 5ean Francoren diktadurak Jon Paredes Manot Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi nuarbetarra zein FRAPeko hiru kide exekutatu eta astebetera, ETAk hiru guardia zibil hil zituen Arantzazun (Gipuzkoa). Gau hartan, kaputxadun hiru gizon Kapazar gaineko (Bizkaia) familiaren ostatura sartu eta tiroz hil zuten Iñaki Etxabe; haren anaia Luisek ihes egitea lortu zuen. Juan Jose Etxabe ETAren buruzagi izandakoaren anaiak ziren biak.
"Familia saiatu da autopsia eta sumarioa lortzen, biktima aitorpena eskatu zuen Madrilen. Ukatu zaizkio horiek denak", azaldu du Aristik. Eusko Jaurlaritzark bai, aitortu ditu biktima gisa Etxaberen senideak.
Kate luzea
Etxaberena estatu terrorismoaren belaunaldi berriko lehen hilketa izan zela esana du Iñigo Iruinek, baina 50 urte igarota, argitu gabe jarraitzen du. Horregatik, hain zuzen, "berandu" izan baino lehen, Etxaberen hilketaren gaineko testigantzak eta informazioa biltzea erabaki zuten Gure Bazterrakeko kideek, eta duela mende erdi beren eskualdean kateatutako gertaeren sorta ekarri dute, azkenean, argitara, Aristik lagunduta.
1975eko urri hartan bertan Pilarika egunez Legutioko (Araba) kuartelaren aurrean tiroz hilda agertu zen German Agirre taxistaren historia are ezkutuagoa, Juan Zelaia enpresa gizon ezagunaren aurkako hilketa saiakerak, Iñaki Etxabe hil eta urtebetera Batallon Vasco Españolek (BVE) Baionan Juan Jose Etxaberen eta haren emazte Agurtzane Arregiren kontra egindako atentatua –Arregi hil zuten–, eta ETAk 1978an hil zuen Jose Maria Portell kazetaria. Ekintza eta izen horiek guztiak eta gehiago ageri dira Iñaki Etxaberen hilketa argitzeko saiakeratik abiatutako kontakizunean.
Ekintzak, izenak, historiak, datu ugari, gezurtatutako usteak eta azaleratutako informazio berria ere bai. Kontrastatutako informazioa, beti ere, Aristik aurkezpenean azpimarratu bezala: "Kontrastatzea lortu ez dugun informaziorik ez dugu sartu liburuan". Xehetasun ugari eman ditu Urrestillakoak gaurko agerraldian. Besteak beste, testigantzen eta ikerketaren zantzu guztien arabera Iñaki Etxaberen hiltzailea nor izan zen ondorioztatu du Aristik: Francisco Burgos Nuñez guardia zibilia. Agirre taxista ETAk ez zuela hil argitzen duen agiria ere lortu dute Aristik eta Gure Bazterrakeko kideek.
"Infernua"
Hain zuzen ere, elkarte horretako Ander Lizarralderen lana bereziki goraipatu eta eskertu nahi du Aristik: "Bereziki berak egin du lan handia informazioa lortzen. Informazio horrekin galbahe lana egitea eta kontakizun moduan antolatzea tokatu zait niri, baina informazio gehiena, ia osoa, Anderrek jarri du nire eskuetan".
Lizarralde bera eta Iñaki Etxaberen alaba Olatz izan ditu ondoan Aristik gaur, Ereingo Inazio Mujikarekin batera. Azken horren hitzetan, "min asko eta min handiak" daude Iñaki bota daue liburuan, baina baita ekarpen handiak ere: "Kanpotik ikusita, garai hartako kronika bat da. Ekintza gogor asko agertzen dira, baina baita humanitate asko ere". Mujikak aipatutako minez asko daki Olatz Etxabek. "50 urte pasatu dira gure familiaren infernu hura hasi zenetik", zioen, Aristiri, Lizarralderi, Ereini eta etxekoei eskerrak emanez; baita Añube musika taldeari ere, Kanpazar "kanta zoragarriagatik". Lizarraldek, bere aldetik, 1965-1970 arteko estatu krimenen "bilketa egitea urgentea" dela esan du, testigantza eman dezaketenak desagertu aurretik. "Jaurlaritzari begira egotea Estatuari kudeaketa uztea litzateke", Lizarralderen ustez: "Errelatoaren denbora eta erritmoa guk markatu behar ditugu".