Mila kilo obra-hondakin bota dituzte Banco Santanderren sarreran, Israelekin harremanak dituela salatzeko

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 19a, 09:34

Israelekin harreman guztiak eten ditzan exijitzeko egin du ekintza Elkar-ekinek. Hondakinak uzteaz gain, hildakoak irudikatzeko panpinak jarri dituzte sarreran, kartelak itsatsi dituzte eta porlanarekin zikindu dituzte kristalak eta dirua ateratzeko makina.

Banco Santanderrek Azpeitiko Arana auzoan duen egoitzan ekintza egin du Elkar-ekinek: mila kilo obra-hondakin utzi zituen atzo gauean, asteazkena, sukurtsalaren sarreran, eta porlanarekin zikindu zituen kristalak nahiz dirua ateratzeko makina. Gainera, Israelek hil dituen palestinarrak irudikatzeko panpinak etzan zituzten lurrean, eta inguruan kartelak itsatsi.

Ekintza horren bidez, Banco Santander palestinarren kontrako genozidioaren "konplize" dela salatu du Elkar-ekinek. Izan ere, Delas zentroak berriki argitaratu den azterlan baten arabera, banku horrek "inbertsio ikaragarriak" egiten ditu armagintzan.

"Bankuak finantzatzen dituen armagintzako enpresek interes handiak dituzte Israelen, eta arma horiek zuzenean erabiltzen ari dira Israel Palestinan egiten ari den genozidioan. Israel Palestinan egiten ari den genozidioa ondorio latzak uzten ari da, eta hildako pertsonen, zauritutakoen eta goseak daudenen kopurua hazi besterik ez da egin", agertu du Elkar-ekinek.

Talde horren ustez, Israelez besteko arduradunak ditu genozidioak, "munduko gobernu gehienak, Europar Batasuna eta enpresa boteretsuak", adibidez. "Aurrez ere aipatu izan dugu: herrian bertan ditugu Israelekin kolaboratzen duten enpresak eta banketxeen egoitzak", nabarmendu du.

Elkar-ekinen ustez, genozidioaren konplize diren enpresei presioa egitea beharrezkoa da. "Horregatik, Banco Santanderrek Azpeitiko Arana auzoan duen egoitzan protesta ekimena egin genuen atzo gauean", adierazi du.

Gukak jakin ahal izan duenez, ekintza amaitu eta berehala Udaltzaingoa eta Ertzaintza agertu ziren Banco Santanderren eremura. Hildakoak irudikatzen zituzten panpinak atzo gauean erretiratu zituzten, eta gaur goizean eremua garbitu dute udaleko langileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide