Urriaren 15era arte eska daiteke etxebizitza alokatzeko udal diru laguntza

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 18a, 16:44

Elizkaleko etxeak, artxiboko irudian. (Maialen Etxaniz)

Etxearen alokairuaren gehienezko prezioaren kopurua 25 euro igo dute aurten, 675 eurora arte. Eskatzailearen diru sarreren arabera, alokairuaren prezioaren %35 eta %60 artean estal dezake laguntzak.

Azpeitiko Udalak ireki du etxebizitzak alokatzeko aurtengo diru laguntza eskatzeko epea. Iaz bezala, aurten ere urriaren 15a arte egin daitezke eskaerak.

18 eta 35 urte arteko gazteek ez ezik, baldintzak betez gero, mugikortasun urria duten herritarrek, bananduta edo dibortziatuta daudenek, 70 urtetik gorakoek eta alargunek ere jaso dezakete etxea alokatzeko udal diru laguntza. Etxea partekatzen duten pertsonak ere izan daitezke onuradun, baldin eta kontratua guztiekin sinatzen bada. Kasu horretan, eskatzaile bakoitza bizikidetza unitate independente gisa hartuko dute da, eta errenta kontratuaren sinatzaile bakoitzaren artean hainbanatu.

Etxebizitzen baldintzak

Laguntza jaso ahal izateko baldintzetako bat etxearen alokairuaren prezioa da, eta ezarritako muga 25 euro igo du udalak iazko deialditik: iaz 650 euro baino gutxiagokoa izan behar zen alokairuaren prezioa, eta aurten 675 euro baino gutxiagokoa. Eskatzailearen diru sarreren arabera, alokairuaren prezioaren %35 eta %60 artean estal dezake laguntzak. Eskaera bakoitzeko gehienez 350 euro emango ditu udalak, baina alokatu nahi den etxebizitza Alde Zaharrean badago, 400 eurora irits daiteke laguntza; eremu hori biziberritzeko udalaren neurrietako bat da hori.

Alokairuaren gehienezko prezioaz gain, bestelako ezaugarri batzuk ere bete beharko dituzte alokatutako etxebizitzek. Horrela, udal laguntzetatik kanpo geratzen dira sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak, berrakurak, logelen alokairuak, etxebizitza gisa erabilitako lokalak edota Bizigune programaren barruan daudeak. Gainera, gutxienez alokairuko urtebeteko kontratua eskatzen du udalak diru laguntza emateko.

Diru sarrerak eta laguntzak

Alokairurako udal laguntza jaso ahal izateko, bizikidetza unitateko diru sarreren muga urtean 28.000 euro haztatukoa izan behar da eskatzaile bakarren kasuetan, eta 35.000 eurokoa bi eskatzaile edo gehiago direnean.

Honako ehunekoak ezartzen ditu udalak etxearen alokairurako laguntzetan:

  • 0-15.000 euro sarreren kasuetan, alokairuaren %60ko laguntza.
  • 15.000-21.000 euroko sarreren kasuetan, alokairuaren %50ko laguntza.
  • 21.000-30.000 euroko sarreren kasuetan, alokairuaren %45ko laguntza.
  • 30.000-35.000 euroko sarreren kasuetan, alokairuaren %35ko laguntza.

Eskaerak eta deialdiaren oinarriak

Etxebizitza alokatzeko udal laguntza jaso nahi dutenek deialdian zehaztutako ereduaren araberako eskabide eredua aurkeztu behar dute udaletxeko sarrera erregistroan, udalaren azpeitia.eus webgunean edo Etxebizitza Bulegoan; hiru leku horietan aurkituko dituzte eskabideak ere.

Ondoko loturan, berriz, irakur daitezke deialdiaren oinarri osoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide