Aitor Zulaika Amorebietaren aulkian eseriko da datorren denboraldian

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 18a, 09:54

Aitor Zulaika, Gijongo Sportingeko entrenatzaile zela.

Bizkaiko taldeak Bigarren RFEF Mailan jokatuko du 2025-2026 sasoian, bigarren urtez jarraian maila galdu ondoren. Gijongo Sportingen bigarren taldearen entrenatzailea izan da azpeitiarra azken bi denboraldietan.

Bi urte Asturias aldean eman ondoren, etxera itzuliko da Aitor Zulaika. Azken bi denboraldietan gidatu duen Gijongo Sporting B taldea utzita, SD Amorebieta futbol klubaren gizonen talde nagusiaren aulkian eseriko da entrenatzaile azpeitiarra 2025-2026 sasoian. Atzo eman zuen horren berri Zornotzako (Bizkaia) klubak.

Espainiako Bigarren RFEF Mailan lehiatuko da Amorebieta datorren denboraldian. Hain zuzen ere, bi urtez jarraian maila galdu duen taldea hartuko du Zulaikak. Bigarren Mailan jokatzera iritsi zen Bizkaiko taldea 2023-2024 denboraldian. Sasoi horren bukaeran maila galduta, Lehen RFEF Mailan jokatu du 2024-2025 denboraldian, baina maila horri ere ezin izan dio eutsi.

Zulaikaren entrenatzaile ibilbide oparoko seigarren kluba izango da SD Amorebieta, Lagun Onak, Sestao River, Real Union –bi alditan–, Reala –B eta C taldeak, laguntzaile zein entrenatzaile nagusi– eta Gijongo Sportingen ondoren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide