Freestyle moto krosak Azpeitia liluratuko du lehenengoz

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 18a, 09:11

Puntako lau pilotu ariko dira Azpeitiko zezen plazan Europako Kopako finalaurrekoetarako txartelaren bila. Ekitaldia uztailaren 19an izango da, eta sarrerak salgai daude enterticket.es atarian.

Lehendabiziko aldiz, freestyle modalitateko moto kros ikuskizun bat hartuko du Azpeitiko zezen plazak uztailaren 19an. Espainiako Estatuko hainbat udalerritan jokatzen ari den Europako Koparen barruko proba izango da herrian jokatuko dena, eta puntako motorzaleak arituko dira saltorik ikusgarrienak eta trikimailurik konplexuenak egiten. "Maila goreneko ekitaldia" izango dela aurreratu zuten antolatzaileek.

Burgosko (Espainia) Gestevent Global enpresak antolatu du ikuskizuna Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, eta bateko zein besteko ordezkariek ekitaldia aurkeztu zuten atzo eguerdian zezen plazan. Ion Oteiza udaleko Kirol batzordeburuak azaldu zuenez, dagoeneko sarrera dezente salduta daude (700dik gora atzo arratsaldean; 3.000 lagun ingururentzako edukiera du zezen plazak), eta horrek erakusten du Azpeitiko eta inguruko jendeak baduela halako ikuskizun batekin gozatzeko "ilusioa". Melody Llamas Gestevent Global enpresako administratzaileak ziurtatu zuenez, "maila goreneko ekitaldia" izango da uztailaren 19an Azpeitiko zezen plazak hartuko duena; izan ere, sona handiko txapelketetan eskarmentua duten nazioarteko lau motorzale arituko dira Europako Kopako finalaurrekoetara sailkatzeko borrokan. Honakoak izango dira, zehazki: hiru aldiz munduko txapeldun izan den Remi Bizouard frantsesa, Diogo Ribeiro portugaldarra, eta Rayco Diaz nahiz Dani Martinez espainiarrak.

Remi Bizouard, Diogo Ribeiro, Rayco Diaz eta Dani Martinez pilotuak lehiatuko dira Azpeitian

Proba ikusgarria izango dela ziurtatu zuen Llamasek, argiaren eta soinuaren efektuek lagunduta hamabost metroko altuerara iristen baitira motor gidarien jauziak eta akrobaziak. Kirol horretan adituak diren pertsonek osatuko duten epaimahai talde bat arduratuko da pilotuen ikuskizuna puntuatzeaz, jauziaren konplexutasunaren, berritasunaren, barietatearen eta altueraren arabera, besteak beste.

Ekitaldia 22:00etan hasiko da, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Lau lehiakideen artean puntu gehien lortuko dituzten bi motor gidariek finala jokatuko dute probaren azken zatian. Irabazleak finalaurrekoetarako txartela lortuko du, eta Sevillan (Espainia) jokatuko da Europako Kopako finala, azaroaren 29an.

Sarrerak salgai

Ekitaldirako sarrerak pasa den astean jarri zituzten salgai enterticket.es atarian, eta dagoeneko agortu dira txartelik merkeenak; beraz, 25 eurotan salduko dituzte helduen sarrerak, eta 15 eurotan 5-12 urte bitarteko haurrenak. 5 urtetik beherako umeak doan sartu ahal izango dira zezen plazara.

Bestalde, VIP sarrera eskuratzeko aukera ere zabaldu du Gestevent Global enpresak. Hori erosten dutenek motorzaleek aurreko egunetan egingo dituzten entrenamendu saioak ikusteko aukera izango dute. Ekitaldiaren egunean, halaber, ez dute ilaran itxaron beharko zezen plazara sartzeko, eta behean, hondarrean, ikusi ahal izango dute proba. Gainera, motorzaleek sinatutako kamiseta jasoko dute. Kasu horretan, 50 euroko kostua izango du helduen sarrerak, eta 30 eurokoa haurrenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide