Sormen egonaldien bigarren deialdirako izen-ematea ireki du Kulturaz kooperatibak

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 17a, 09:30

Mikele Urroz artistaren sormen egonaldiko irudi bat. (Kulturaz)

Irailaren hasieratik abenduaren amaierara arte egonaldi mota desberdinak egiteko aukera egongo da Dinamoa sormen gunean. Uztailaren 14an amaituko da izena emateko epea.

2025eko sormen egonaldien bigarren deialdirako izena emateko epea zabaldu du Kulturaz kooperatibak. Eskaerak aurkezteko epemuga uztailaren 14a izango da, eta uztailaren 19an jakinaraziko dituzte aukeratutako artistak.

Esku artean sormen proiektu bat duen sortzaileei zuzendutako deialdia da, edozein diziplinatara irekia, eta Dinamoa sormen guneko espazioa eta baliabideak artisten eskura jartzea du asmo. Bakarka zein kolektiboan sormen prozesu bat ekin nahi dion orok izango du sormen egonaldietarako izena emateko aukera.

Aurtengo sormen egonaldiaren bigarren deialdia irailaren hasieratik urtearen amaierara bitartean gauzatuko da, eta aurreko edizioetan bezala, hiru egonaldi mota egiteko aukera egongo da: Harri egonaldi osoa, proiektu bati prozesu sakon bat eskaini nahi dioten artistei zuzenduta; Orri egonaldi sinplea, egonaldi malgu bat egin nahi duten norbanako eta kolektiboei zuzenduta; eta Ar antzerki sormen egonaldia, antzerki obra bat sortzen ari direnei zuzenduta.

Esteka honetan eman daiteke izena, eta hemen, berriz, deialdiaren oinarriak irakur daitezke.

Informazio gehiago jasotzeko, dinamoa@dinamoa.eus helbidera idazteko edota 635 73 87 60 telefonora deitzeko aukera dute herritarrek.Honako lotura honetan irakur daitezke hiru sormen egonaldien oinarriak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide