Arkupehotsak egitasmoaren uzta erakutsiko dute uztailaren 5ean kontzertu kolektibo batekin

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 17a, 08:00

Azpeitiko Rekiem taldeko kideak. (Urtzi Oteiza)

Rekiem, Kitziki, Karena eta Pertz taldeek Kulturaz kooperatibak antolatzen duen Arkupehotsak egitasmoan ikasitakoak erakutsiko dituzte uztailaren 5ean Sanagustinen.

Kitziki, Rekiem, Karena eta Pertz izan ziren Arkupehotsak egitasmoaren zazpigarren edizioan parte hartzeko aukeratutako musika taldeak, eta urte osoan zehar formakuntza artistikoa nahiz teknikoa jaso ostean, ikasitakoak plazaratzeko aukera izango dute uztailaren 5ean, kontzertu bana emango baitute Sanagustin kulturgunean, 21:00etan hasita.

Kulturaz kooperatibak antolatzen du Arkupehotsak egitasmoa, musika sortzaile berriak hauspotzeko helburuarekin. Hala, edizio bakoitzerako aukeratutako taldeek formazio teknikoa eta artistikoa jasotzen dute. Aurtengoan, Gartxot eta Idoia Asurmendi abeslariak arduratu dira formazio artistikoaz eta, besteak beste, sare berriak eraikitzearen garrantziaz eta arrakastaren pertzepzioaren inguruan hausnartu zuten musikari gazteekin. Formazio teknikoan, berriz, Jon Badiola soinu teknikariarekin kontzertu batean behar diren elementu teknikoak ezagutu zituzten.

Musika eta soinuaren inguruan sortzeaz eta ikasteaz gain, Arkupehotsak ekimenaren helburua da musikariei plaza bat eskaintzea. Uztailaren 5ean irekiko dute plaza hori, Sanagustin kulturgunean, 21:00etatik hasiko duten emanaldi kolektiboan. Sarrera irekia izango dela aurreratu du Kulturaz kooperatibak.

Metala, erromeria, rock-a...

Izaera eta estilo desberdinak dituzte Arkupehotsaken zazpigarren edizioan parte hartzen ari diren musika taldeak. Metal eta rock doinuak lantzen ditu Azpeitiko Rekiem taldeak. Duela bi urte sortu zen, eta lehen kontzertua Zarauzko Hiruputzu gaztetxean eman zuten. Ordutik, hainbat gaztetxetan eta herriko festetan eskaini dituzte kontzertuak. Laster LP bat grabatzeko asmoa dute.

Kitziki taldeak, berriz, jai giroko erromeria estiloko musika jotzen du. Duela urtebete sortu zuten Elgoibarren eta lehen kontzertua Abaraxka aterpetxean eman zuten, 2024ko martxoan. Ordutik, Elgoibarren eta Azkoitian kontzertu ugari eman dituzte.

Karena Antzuolako eta Hernaniko lagunek osatzen dute, eta pop nahiz folk doinuak lantzen dituzte. 2022an sortu zuten taldea, eta hasiera hartan, euskal kantuen bertsioz osatutako kontzertuak ematen zituzten. 2024ko martxoan ordea, lehen diskoa kaleratu zuten.

Aldiz, talde berria da Pertz, iaz sortu zuten Zumaian. Pop rock estiloa jorratzen du, eta Ezarritako Arauak izenarekin kaleratu zuen lehen lana. Aurten, bigarren disko baten grabaketarekin hasteko asmoa dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide