Ia 200 lagunek parte hartu dute Itsasaldeko Ibilaldi Neurtuan

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 16a, 11:58

Ia 200 lagunek egin zuten atzo, igandea, Lagun Onak mendi bazkunak bi urtean behin antolatzen duen ibilaldi neurtuaren 26. edizioan.

Itsasaldeko Ibilaldi Neurtuaren 26. edizioan parte hartu zuten atzo, igandea, 200 bat lagunek, antolatzaileek jakinarazi zutenez. Izarraitz gaina inguratu eta Agiro aldera egin zuten bidea ibilbide luzekoek (26 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa), eta Izarraizko mendilerrotik atera gabe itzuli ziren Azpeitira ibilbide motza (16 kilometro eta 1.050 metroko desnibel positiboa) egin zutenak.

Lanbroa eta ekaitza protagonista izan zituzten ibilaldiak osatu ostean, ohi bezala, paella eta sagardoa hartzeko aukera izan zuten parte hartzaileek, Izarraitz pilotalekuan.

Bi urtean behin antolatzen du Itsasaldeko Ibilaldi Neurtua Lagun Onak mendi bazkunak, beraz, 2027an egingo dute 27. edizioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide