Hiru zezenzaleren "oparia" herriari

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 14a, 09:45

Azpeitia, abezedario bat zezenez liburua aurkeztu zuten atzo Aritz Aranbarrik, Ignacio Arakistainek eta Pablo Soraluzek. Basazabaleko aretoa txiki utzi zuten aurkezpenera joandakoek. Aranbarrik iazko saninazioetako zezenketetan egindako argazkiei hitzak jarri dizkie Arakistainek, eta marrazkiak Soraluzek. Ertz tabernan jarriko dute salgai liburua.

Azpeitia, abezedario bat zezenez liburua kalean da dagoeneko. Aritz Aranbarrik, Ignacio Arakistainek eta Pablo Soraluzek atzo aurkeztu zuten hiruren artean osatu duten "artefaktu estetikoa". Aranbarrik 2024ko saninazioetako zezenketetan egindako argazkiak oinarri hartuta –lehen aldia zuen argazkilari lanetan herriko zezen plazan–, Arakistainek testu laburrak idatzi ditu, abezedarioko hizki bakoitzeko hitz bat aukeratuta, eta Soraluzek marrazkiak egin; marrazki horietako batekin egin dute liburuaren azala ere.

Luze eta zabal xehetu zuten proiektua egileek, sorreratik hasi eta emaitzaren nondik norakoetara arte, Basazabal jauregiko gorengo solairuko aretoa txiki utzi zuten ikus-entzuleen aurrean. Aretoa bera mukuru beteta, kanpotik jarraitu behar izan zuten ekitaldia hainbat herritarrek. Arantxa Garinek aurkeztu zuen aurkezpen ekitaldia; atzokoa "Azpeitiko herriari hiru herritarrek egiten dioten opari baten lehen plazaratzea" zela esan zuen aurkezleak.

Zezenaren presentzia "ezabaezina"

Besteren artean, zezenzaletasunak batzen ditu Arakistain, Aranbarri zein Soraluze, eta zezenzaletasun hori hizpide izan zuten hirurek; beraiena, eta Azpeitiarena.

Aurkezpenerako aukeratutako jauregiari zein gertuko Enparan dorretxeari eta Frantziskanetako komentuari eta herriko historiari erreferentzia eginez, "ezabaezina zaio zezenaren presentzia Azpeitiari", zioen atzo Arakistainek sarrerakoan. "Zezena dugu guztiok kate, zezena muin", aipatu zuen ere bere hitzaldian liburua hitzez jantzi duen musikariak, eta zezenaren presentzia hori bizikidetzarako elementu gisa aurkeztu zuen: "Sinesten dugu, bai, guztia lubaki den garaiotan zezenaren presentziak gurean izan dezakeen indar bateratzailean. Dibisio nahien artean eraikitako oasi libre eta askea deritzogu animalia beraren maitale garenon elkartze zein topatzeari".

Liburua osatzeko prozesuaz eta bakoitzaren lanaz hitz egin zuten hiru egileek. Aranbarrik liburuan argitaratu dituzten argazkietako batzuk erakutsi eta azaldu zituen aurkezpenean, eta horiei lotuta egindako testuak irakurri zituen Arakistainek; ondoren, libururako egin dituen marrazkien eta ilustrazioen gainean aritu zen Soraluze, bere lanaren inspirazio iturri izan diren artistak aipatuta: Barceló, Oteiza, Goya, Manolo Sanlucar...

Liburua salgai

Azpeitiko Zezenzale Batzordeak lagunduta argitaratu dute Azpeitia, abezedario bat zezenez, eta batzordeko buru Joxin Iriartek proiektuari hasieratik emandako babesa eskertu zuten atzo Arakistainek, Aranbarrik eta Soraluzek. Iriarte bera hirurekin mahaian izatekoa zela esan zuen Arakistainek, baina azkenean ezin izan zuen ekitaldian parte hartu.

Eskertzen atalean aipamen berezia eta lore sorta bana jaso zuten Ainhoa eta Amaia Goenaga ahizpek ere; liburua maketatu du Ainhoak, eta proiektuak aurrera egiteko "ezinbesteko lana" eskertu zioten Amaiari.

Aurkezpenera joandako asko itzuli ziren etxera egileek sinatutako liburu aleekin. Datozen saninazioetan lanaren bigarren hauspotze bat egiteko asmoa dutela aurreratu zuen Arakistainek, erakusketa batekin, besteak beste. Bitartean, Ertz tabernan jarriko dute salgai Azpeitia, abezedario bat zezenez, 20 euroren truke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide