Festetako kamiseta berriak eta otorduetarako txartelak salgai dituzte Urrestillan

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 13a, 18:02

Sanjoanetako kamiseta berria, betiko lepoko zapiarekin. (Mailo Oiarzabal)

Maitane Diezen ilustrazioarekin, sanjoanetako egitarauaren kartelerako erabili duten irudi berarekin, egin dituzte kamiseta berriak. Lurdesen dendan daude salgai, lepoko zapiekin eta banderolekin batera. Herri afarirako txartelak ere dendan edo Mara Maran eros daitezke, eta sagardo dastaketarakoak Bixker erretegian, ekainaren 18rako.

Bihar herri krosarekin eta etzi Jubilatuen Egunarekin motorrak berotu ondoren, hurrengo asteburuan hasita ospatuko dituzte sanjoanak Urrestillan, eta aurreko asteetako ohiko prestaketetan murgilduta dabiltza aurten ere urrestildarrak.

Besteak beste, jaietan 'uniformea' jantzi nahi dutenek eskura dituzte jada Lurdesen dendan sanjoanetako kamisetak, lepoko zapiak zein balkoiak eta leihoak apaintzeko banderolak. Aurten, gainera, kamiseta berriak atera ditu festa batzordeak. Maitane Diez urrestildarraren ilustrazioarekin, sanjoanetako egitarauaren kartelerako erabili duten irudi berarekin, egin dituzte elastikoak. San Joan arbola eta sua irudikatu ditu bere lanean Diezek, eta kamisetaren atzeko aldean ageri da irudi berria; aurrean, berriz, beti bezala, Juanba Berasategiren Urrestilla herri da irudia daramate kamisetek.

Beltzak eta txuriak aukeran, umeentzako zein helduentzako hainbat neurritan atera dituzte kamisetak; umeenak 12 eurotan eta helduenak 15 eurotan jarri dituzte salgai.

Txartelak, ekainaren 18ra arte

Dagoeneko salgai dauden besteak dira San Joan bezperako herri afarirako zein San Joan Txiki eguneko sagardo dastaketa bazkarirako txartelak.

Ekainaren 23ko herri afarirako txartelak Lurdesen dendan eta Mara Mara kafetegian eros daitezke, helduenak 30 euroren truke, eta umeenak 12 eurotan. Ekainaren 25eko sagardoaren bueltako bazkaria, berriz, Bixker erretegiak emango du aurten ere, eta harako txartelak Bixkerrenean bertan daude salgai, 45 eurotan.

Herri afarirako zein sagardo dastaketarako txartelak erosteko azken eguna ekainaren 18a izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide