Txinaurriek urte oparoa izan dute

Aitziber Arzallus 2025ko eka. 12a, 12:06

Bukatzear den ikasturtean, adin guztietako herriko 783 ikaslek parte hartu dute Txinaurriak proiektuan. Urtez urte Kulturaz Azpeitiko kultur kooperatibak herriko ikastetxeen eskura jartzen duen proiektua da Txinaurriak; "kultur sorkuntza esperientzietan oinarritutako proiektu bat", hain zuzen. 

Azpeitiko Dinamoa sormen gunean adin guztietako ikasleen joan-etorria etengabea izan da ikasturte guztian, eta besteren artean, Txinaurriak proiektuaren errua izan da hori. Urtez urte Kulturaz Azpeitiko kultur kooperatibak herriko ikastetxeen eskura jartzen duen proiektua da Txinaurriak; "kultur sorkuntza esperientzietan oinarritutako proiektu bat", hain zuzen. Kulturazek Azpeitiko Udalaren laguntzarekin garatzen du proiektu hori, herriko gazteengana iristeko nahiarekin, ikastetxeetan duten hezkuntza eskaintza osatzeko eta aberasteko, "kulturak, zentzumenen gozagarri izateaz gain, badituelako beste hainbat balio, balore eta medio ere".

Ikasturte amaiera ate joka den honetan, aurtengo ikasturtean Txinaurriak egitasmoak eman duenaren inguruko balorazioa egin du kultur kooperatibak, eta positiboa izan da hori. 34 mediazio egin dituzte guztira, horietan 783 ikaslek parte hartu dute, eta "beste behin, ikasleak jolaserako prest agertu dira eta sormen gaitasun handia dutela erakutsi dute". Urtez urte eta ikasturte bakoitzean lantzen joan direnei esker, eskaintza osatzen joango direla adierazi dute Kulturazeko kideek, eta ziurtatu dute, "aurrera begira, Txinaurriak proiektuan sakonduz, bide eta aukera berriak jorratu" nahi dituztela.

Proiektuaren helburua herriko ikasleei kultur sormenera gerturatzeko aukera ematea da, "ikasle kulturzaleak, parte hartzaileak, kritikoak eta sortzaileak heztea". Horretarako, ikasleak lau adin tartetan banatu dituzte, zikloka, eta eremu banatako tailer batean parte hartzeko aukera eman diete: Haur Hezkuntzako ikasleek gorputza landu dute; Lehen Hekuntzakoek, hitza; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek, irudia; eta Batxilergokoek, soinua.

Lau ziklo, lau dinamika

HHko ikasleek, Gorputzaren Eremuko dinamikari esker, mundu zabaleko kultura ezberdinetan murgiltzeko aukera izan dute. "Kongo, Afghanistan, Danimarka, Ekuador eta Erresuma Batuko hainbat jolas ezagutu dituzte, eta etorkizunean ikasgelan baliagarri izan lekizkieken hainbat ideia ere hartu dituzte". LHkoen kasuan, helburua izan da jolasaren bitartez hitzaren ahalaz kontzientzia hartzea. "Hitzak entzun, idatzi, irakurri eta mintzatzeko aukera izan dute, Dixit mahai jolasean arituta, hizki-zopa eginda eta hitzak abestuta".

DBHkoen saioen helburua irudiak aztertu, horien inguruan hausnartu eta ondorioak partekatzea izan da. "Horretarako, ikus-entzunezkoak beste modu batera ulertzeko aukera eskaini diegu. Irudiekiko kritikotasuna landu eta euskarazko edukiak sustatzeko ariketa batzuk planteatu dizkiegu". Batxilergoko ikasleekin, berriz, soinuaren presentziaz, garrantziaz eta sormenerako eskaintzen dituen aukerez aritu dira. "Soinuarekin jolastuz sortzeko, berau entzun, grabatu, editatu eta nahastu egin dugu taldekako dinamika desberdinetan. Ikasleek soinu mahaiarekin probak egin dituzte, eta bideo podcast baten grabaketa nola egiten den ere ikasi dute".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide