Azpeitia, abezedario bat zezenez liburua aurkeztuko dute bihar, ostirala, Ignacio Arakistainek, Pablo Soraluzek eta Aritz Aranbarrik Basazabal jauregian, 19:30ean hasita. Ekitaldi irekia prestatu dute biharko, azken hilabeteotan ondu duten proiektua interesa duen herritar orori aurkezteko asmoz.
Saninazioetarako hilabete eta erdi falta dela iritsi da Arakistainek, Soraluzek eta Aranbarrik egindako liburua, eta ez da kasualitatea. Izan ere, iazko zezenketak ditu oinarri eta ardatz ondu duten proiektuak. Iazko San Inazio feria "oso berezia" izan zela kontatu du Arakistainek, eta bertan bizitzakoa "modu estetiko batean" gordetzeko hautua egin dute: "Iazko zezenketak oso bereziak izan ziren, jende asko bildu zen Azpeitiko zezen plazan, Azpeitiko aurreneko indultua egin zen... Faktore askok egin zuten berezi iazko feria, eta hori nolabait gordetzea nahi izan dugu".
"Abezedario bat" aurreikus dezake irakurleak liburuaren izenburua irakurrita, baina Arakistainek adierazi duenez, izatez, argazkiak dira proiektuaren oinarria. Aranbarri argazkilaria da, eta gaur egun Espainiako hainbat zezen plazetako zezenketa hitzordu garrantzitsuenak irudietan jasotzen ibiltzen den arren, iaz Azpeitian estreinatu zen. "Aritz [Aranbarri] gaztea da, baina izugarrizko argazkiak ateratzen ditu. Iaz, aurrenekoz aritu zen Azpeitian zezenketetan argazkilari, eta haren irudiak ikusi genituenean, benetan ederrak iruditu zitzaizkigun. Hortik sortu zen proiektuari gorputza emateko ideia", adierazi du Arakistainek. "Zezenketen munduak duen lilura estetikoa paperera eraman nahi izan dugu", gaineratu du azpeitiarrak.
Testua eta marrazkia, osagarri
Aranbarriren argazkiek hartzen dute, nolabait, liburuaren zatirik handiena, baina horiei beste dimentsio bat eman nahi izan diete Arakistainek eta Soraluzek egindako testuek eta ilustrazioek. Hain zuzen, Arakistainek idatzi ditu hitzak eta Soraluzek egin ditu marrazkiak. "Argazkiak, haien baitan, oso-oso onak dira, eta iruditzen zaitzagun haien kabuz zerbait kontatzen zutela; horiei beste oihartzun bat eman nahi izan diegu testuekin eta irudiekin uztartuta".
Arakistainek nabarmendu du liburuan bildutako testuak ez direla azalpen testuak, ez dela zerbait "dokumentalista", kutsu poetikotik ere baduela: "Testuak libre idatzi ditut, sormena oinarri hartuta, Azpeitiko zezenketek duten berezitasunei begiratuta [Zortzikoa, zezen plaza bera...]". Abezedarioaren ideiak, ordea, badu zentzu bat. Hain zuzen, testuei forma ematen lagundu dio Arakistaini: "Orri zuria oso krudela da. Banekien gauza batzuk esan nahi nituela, baina ez nekien nola. Beraz, Azpeitia hitzak dituen A eta Z hizkiak hartu nituen abiapuntu, eta kontzeptuen abezedarioaren ideia otu zitzaidan, norabidea zertxobait zehazteko balio izan zidana". 26 kontzeptu proposatu dituzte, eta hitz bakoitzari lau orri eta bi argazki inguru eskaini dizkiote.
Soraluzek, bere aldetik, ilustrazioak jarri dizkio proiektuari, argazkiekin lehiatzea zaila dela jakitun. "Pablok [Soraluze] magia ukitua eman dio liburuari. Hark argi esaten zuen argazkien aurkako lehian ezin zuela ezer egin, argazkiek irakurketa hainbat proposatzen dituzten arren, beti izango direlako marrazkiak baino errealistagoak. Beraz, hark beste kutsu bateko irudiak gehitu dizkio liburuari; detaileetan jarri du arreta, askotariko trazoez baliatuta", azaldu du Arakistainek.
Azpeitiko Zezenzale Batzordeak finantzatu du Azpeitia, abezedario bat zezenez liburua, eta hainbat ale fisiko atera dituzte. Horiek salgai jarriko dituzte herriko hainbat txokotan, baina xehetasun horiek guztiak eta beste, bihar arratsaldeko aurkezpenean emango dituzte.