Iñaki Olaizola (Hit Bound): "Saxofoiak, tronpetak eta tronboiak jolasteko aukera handia ematen digute"

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 11a, 09:30

Hit Bound musika taldeko kideak. (Utzitakoa)

Hit Bound taldeak reggae doinuak eramango ditu ostiralean Sanagustin kulturgunera. Upyard eta Roots Brothers taldeek osatuko dute gaualdiko kartela, eta sarrera doakoa izango da. 22:00etan hasiko dituzte emanaldiak.

Azpeitia, Azkoitia eta Donostiako honako zortzi musikariek osatzen dute Hit Bound taldea, nahiz eta sei izango diren oholtzaren gainean etzi: Asier Aranguren Txato, David Gonzalez Truthtown, Egoi Carrizo Gotxo Selektah, Jorge Ortega Iortx, Aitor Bubrktor, Borja Eizagirre Txar Lee, Lantz Unanue Ukabil eta Iñaki Olaizola Dono. Kideok 12 Tribu, Tacumah, Agoteak eta Ukabil taldeetan aritu dira, eta 2022an sortu zuten banda.

Nolakoa izan zen Hit Bound taldearen sorrera?

12 Tribuko, Tacumahko, Agoteak-eko eta Ukabileko jendea batu ginen roots reggae proposamen bat lantzeko. Txato bateria-jotzailea izan zen bultzatzaile nagusietako bat, beti aritu izan da proiektu desberdinetarako jendea biltzen eta, kasu honetan, Tacumah-ko jendeak eman zion bultzadatxoarekin proiektu hau jarri du martxan.

Talde horietatik edan duzue Hit Bound-en soinua bilatzeko?

Bai, noski. Azken finean, 70eko eta 80ko hamarkadetako roots reggae jamaikarra lantzen dugu, eta lanketa hori egindakoak dira 12 Tribu eta Tacumah, besteak beste. Hori bai, talde horietan abeslariaren figura zegoen, eta oraingo honetan ez. Haize-sekzioarekin saiatzen gara abeslariaren hutsunea betetzen.

Zuen indargunea, beraz, haize-instrumentuak dira?

Bai, haize-sekzioa indargunetzat dugu, zeren reggae munduan nahiko ohikoa den arren, hemen inguruko taldeei, ez dakit oso ondo zergatik, kosta egiten zaie haize-sekzio indartsu bat lortzea. Saxofoiak, tronpetak eta tronboiak osatzen duten sekzio horrek jolasteko aukera handia ematen digu.

"Orain dela 20 urte baino gehiago hasi ginen 12 Triburekin, eta orduan esaten zen reggae panorama indartzen ari zela, ez bakarrik Euskal Herrian, baita Frantzian eta Espainian ere. 20 urte beranduago, halere, esango nuke ez dugula gehiegi aurreratu"

Hiru urte daramatzazue proiektuarekin. Nolakoa izaten ari da bidea?

Gu, behintzat, gustura gabiltza. Disko bat grabatu eta masterizatzeko lanean gaude orain. Publikoari begira ez gara hainbeste azaldu, kontzertu bakarra eman dugu, Azpeitian hura ere, baina kontzertu gehiago emateko gogoz gaude. Ez da handira egindako proiektu bat, baina kontzertuak eman nahi ditugu eta gustatzen zaionarentzat zerbait eginda utzi, disko bat edo beste.

Nola dago reggaearen eszena Euskal Herrian?

Orain dela 20 urte baino gehiago hasi ginen 12 Triburekin, eta orduan esaten zen reggae panorama indartzen ari zela, ez bakarrik Euskal Herrian, baita Frantzian eta Espainian ere. 20 urte beranduago, halere, esango nuke ez dugula gehiegi aurreratu. Are, publikoaren aldetik atzera egin dugula esango nuke. Egia esan, horrekin desilusio pixka bat dugu. Ikusten dugu badirela maila duten taldeak inguruan, baina kontzertuak antolatu dituztenean sarrerak ezin salduta ibili dira. Publiko gutxi dago. Eta ez dugu bilatzen jende pila bat erakartzea, baina bai gure txokoak finkatzea eta kontzertuak ematea.

Beraz, garrantzitsua izango da zuentzat ostiralean Sanagustinek eskainiko dizuen erakustokia.

Bai, guk gure aletxoa jarri nahi dugu, gurean segitu eta gure proposamena oholtzaratu, ea jendeari gustatzen zaion. Horregatik, jendea etortzera animatu nahiko nuke, 70eko eta 80ko hamarkadetako reggaea zer den ezagutu dezan, ziur momentu atsegina pasatuko duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide