325 erraldoi txikik beteko dute Foru Ibilbideko erakusketa aretoa astelehenetik aurrera

Mailo Oiarzabal 2025ko eka. 6a, 13:18

Idoia Ortega eta Gorka Alonso, 2023an Betharramen jarri zuten erakusketan. (Nerea Uranga)

Idoia Ortegaren eta Gorka Alonsoren bilduma ikusgai izango da hilaren 9tik 22ra, astegunetan arratsaldez eta asteburuetan eguerdiko ordutegiarekin.

Erraldoi txikien erakusketa irekiko dute datorren astelehenean, ekainaren 9an, Foru Ibilbideko udal aretoan. Duela bi urte bezala, Idoia Ortega eibartarra eta Gorka Alonso elgoibartarra dira erakusketa jarriko dutenak.

Bi urtetan, ordea, dezente gizendu dute erraldoi txikien bilduma Ortegak eta Alonsok: 2023an Betharramen 185 jarri bazituzten, orain 325 erraldoi txiki jarriko dituzte Foru Ibilbideko aretoan. Gehien-gehienak Nafarroako eta Gipuzkoako herrietako erraldoien erreplikak dira, baina jatorri eta era askotako erraldoi txikiak ikusteko aukera izango dute erakusketara joaten direnek.

Bi astez izango da zabalik Ortegaren eta Alonsoren erraldoi txikien bildumaren erakusketa Azpeitian, ekainaren 22a arte, hain zuzen. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara irekiko dituzte Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoaren ateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide