81 mendizalek parte hartu dute Arantzazutik Leintz Gatzagarako etapan

Nerea Uranga 2025ko eka. 4a, 09:53

Azpeitia eta Gasteiz arteko laugarren etapa egin dute Lagun Onak mendi bazkunakoek. Hurrengoa ekainaren 28an izango dute, Leintz Gatzagatik Otxandio arteko bidea eginez, tartean Anboto igota.

Ari dira Lagun Onak mendi bazkunakoak etapaz etapa Arabako hiriburura gerturatzen. Joan den larunbatean, maiatzaren 31n, Arantzazutik abiatuta Elgea azpiko basoak, Andarto inguruak, Degurixa, Leitzgarate eta Makatzgain mendiak zeharkatu zituzten Azpeitia-Gasteiz egitasmoko laugarren etapa egin zuten 81 mendizaleek.

Arantzazu eta Leintz Gatzaga artean 27 kilometroko eta 900 metroko desnibeldun bidea egin zuten. Hurrengo etapa ekainaren 28rako iragarri du Lagun Onakek. Orduan, Leintz Gatzagatik Otxandiora arteko zatia egingo dute, tartean Anboto igota.

Honako hauek izango dira Azpeitia-Gasteiz egitasmoko hurrengo etapak:

  • Ekainak 28. Leintz Gatzaga-Otxandio –Anboto– (27 kilometro).
  • Irailak 13. Otxandio-Murgia –Gorbeia– (29 kilometro).
  • Urriak 18. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide