Bihar amaituko da gizonen desboteretze eskolako azken formakuntzan izena emateko epea

Maddi Txintxurreta 2025ko eka. 2a, 16:26

Emakumeen Txokoan izango da ikastaroa.

Azpeitiko Emakumeen Txokoak antolatzen duen gizonentzako desboteretze tailerren barruko hirugarren eta azken saioa egingo dute ostiralean. Desira, erotika eta heteroaraua izango dituzte hizpide.

Gizonentzako desboteretze eskola ikasturte amaierara iritsiko da ostiralean, hirugarren eta azken saioarekin batera. Desira, erotika nahiz heteroaraua izango dituzte hizpide, eta bihar amaituko da saiorako izena emateko epea. Emakumeen Txokora joanda, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688 75 10 00 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena.

Aurrekoetan bezala, Eihera kooperatibako Iñi Etxezarretak gidatuko du saioa, doakoa izango da eta soilik gizonek parte hartu ahal izango dute. Azpeitiko Emakumeen Txokoan izango da hitzordua, 17:00etatik 20:30era.

Emakumeen Txokoko arduradunek azaldu dutenez, ostiraleko tailerrean landuko dute lehentasunek eta desirek nola gurutzatzen dituzten pertsonen espektatibak eta munduan egoteko moduak. "Gai tabua izan denez, ordea, ez da nahikoa hitz egitea horiek heteroarauaren eraikuntzan eta botere harremanetan duten pisuaz", zehaztu dute. Horregatik, ostiralekoa horien inguruan hausnartzen hasteko espazioa izango dela gaineratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide