Gaur bukatu du UEUk Ikergazte kongresuaren seigarren edizioa, hiru egunetako jardunaren ondoren. Denera, 250 ikertzaile gaztek eta ez hain gaztek parte hartu dute, eta horietatik 151k aurkeztu dute beraien lana. Horrez gain, elkar ezagutzeko eta akademiatik kanpoko ekintzak egiteko aukera ere izan dute partaideek. Kongresuaren bukaerako saioan bost azterlan saritu dituzte, eta Gizarte Zientziak eta Zuzenbide arlokoa Idoia Landa azpeitiarrak jaso du, Borondate digitala izenburuko artikuluari esker.
Borondate digitala lanean hildakoen sare sozialetako profilen eta hodeitxo artxiboen kudeaketak erronka legal garrantzitsuak dituela azaldu du Landak. "Erronka horretan kontzeptu berri bat sortzen da: borondate digitala, zeinak hildakoaren eduki digitalaren kudeaketa bere nahiaren arabera egitea ahalbidetzen duen. Borondatea non jaso behar den eta sarbidea nork izango duen zehaztea da gakoa". Legea egungo mundu digitalera egokitu beharrari buruzkoa da Landaren lana.
UEU gustura azaldu da Ikergazte kongresuak izandako emaitzarekin. "UEUren helburu garrantzitsuenetako bat hasieratik euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea da, eta horretarako ezinbestekoa da euskaraz lanean dihardugun ikertzaileok elkarren berri izatea". Ikergazte "apustu handia" da UEUrentzat, baina aurtengo kongresuak izandako erantzuna ikusita "arrakastatsua" izan dela adierazi dute. Bai kongresuan aurkeztutako edukiak nahiz aurkezpenak "maila handikoak" izan dira antolatzaileen arabera.
Azpeitia Guka aldizkariaren otsaileko zenbakian elkarrizketatua izan zen Landa. Honako lotura honetan irakur daiteke solasaldia osorik.