Atzoko ekitaldi sortaren ostean, gaur ere festa giroan murgilduta esnatu da Sanjuandegi. Goizean, xake txapelketa eta judo erakustaldiak izan dira Jose Antonio Agirre plazan, eta giro ederra sortu da horien bueltan. Ondoren, Udal Musika Bandaren kontzertua izan da karpan, eta trikitipintxo poteoa ere egin dute tabernarik taberna.
Festa giroko ekintzek ez ezik, aldarriek ere izan dute lekua gaurkoan. Izan ere, Azpeitiko Feministen Sareak deituta, elkarretaratzea egin dute herenegun Bilbon izan zen hilketa matxista gaitzesteko. 43 urteko gizon batek 13 urteko alaba hil zuen, eta ondoren bere buruz beste egin. Ama, berriz, Basurtoko ospitalean da, zaurituta. Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelo hartuta egin dute protesta, Jose Antonio Agirre plazan. Azpeitiko Udalak ere bat egin du deialdiarekin, eta han izan dira zenbait udal ordezkari.
Hona hemen gaur arratsaldeko eta biharko egitaraua:
Gaur, larunbata.
- 15:00. Auzo bazkaria eta bingoa.
- 18:00. II. Trikifree emanaldia.
- 18:30. Txokolatada.
- 19:00. Erraldoiak eta buruhandiak.
- 19:00. Kitadelpare txarangaren emanaldia.
- 20:00. Parrillada, Kontseilu Sozialistaren eskutik.
- 22:00. La Txamaren zein Tapia eta Leturiaren kontzertuak.
- 22:00. DJ Gaupasa, karpan, Javi Hidalgoren eta Kanpaxen eskutik.
Bihar, ekainak 1, igandea.
- 06:00. UK03 txarangaren emanaldia.
- 07:00. Bigantxak eta jolasak.
- 11:30. Dantzari txikien emanaldia.
- 13:00. Herri kirol erronka: auzoan jaiotakoak vs. kanpokoak.
- 16:00. Artisau azoka.
- 19:45. Zozketa.
- 20:00. Mantangorriri agurra.