Saninazioetako txupinazoa botatzeko hautagaiak proposatzeko epea zabaldu du udalak

Andoni Elduaien 2025ko mai. 30a, 16:17

Azokako ekoizleak, iaz, txupinazoa botatzen. (Guka)

Herritarrek gaurtik ekainaren 13ra arte proposatu ditzakete aurtengo saninazioetako txupinazoa botatzeko hautagaia. Festa Batzordeak lau finalista hautatuko ditu gero, eta ekainaren 20tik 30era herritarrek lau horien artean aukera egin beharko dute. 

Azpeitiko Udalak gaur, ostirala, zabaldu du aurtengo saninazioetako txupinazoa nork bota behar duen erabakitzeko hautagaiak proposatzeko epea. Erakundeak iaz galdetu zien aurrenekoz herritarrei saninazioetan txupinazoa nork botatzea nahi zuten. Erakundeak azaldu du, "uste baino jende gehiagok" parte hartu zuela galdeketan, eta hori hala izanda, aurten ere bide beretik jotzea erabaki du. 

Herritarrek ekainaren 13ra arteko epea izango dute hautagaiak proposatzeko aukera. Proposamena egiteko, bi bide zabaldu ditu udalak: batetik, herritarrek txupinazoa@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita egin dezakete proposamena, eta bestetik, udaletxean, igerilekuan eta liburutegian jarri dituzten buzoietan. Hautagaia proposatzerakoan, talde, eragile edo norbanako horren izena eta txupinazoa botatzeko hura aukeratu izanaren arrazoia azaldu beharko dituzte herritarrek. 

Proposamenak egiteko epea itxi eta gero, Azpeitiko Festa Batzordeak herritarren ekarpenak aztertuko ditu "hainbat irizpide begiratu ostean", eta hala, lau finalista aukeratuko ditu. Udalak azaldu duenez, batzordeak kontuan hartuko ditu talde edo norbanako horrek herriari egindako ekarpena zein izan den, norbere arloan zer meritu egin dituen, berdintasuna zein bizikidetza sustatzeko egindako ahalegina zenbaterainokoa izan den eta euskal kulturaren alde egindako lana zein den.

Ekainaren 20an jakinaraziko ditu udalak lau hautagaien izenak, eta egun horretan bertan irekiko du bozketa, herritarrek lau hautagaietako bat hauta dezaten. Lau finalisten artetik bat aukeratzeko, beste bi bide zabalduko ditu udalak: postontziak eta udalak webgunean jarriko duen galdetegia. Herritar bakoitzak boto bakarra eman duela bermatzeko, berriz, nortasun agiriaren zenbakia eskatuko du erakundeak. Boto emailearen izen-abizenak ez dira beharrezkoak izango, botoa isilpekoa izango baita. Lau hautagaien artean aukeratzeko hamar eguneko epea emango du udalak; izan ere, ekainaren 30ean, San Inazio bezperarako hilabete falta denean, txupinazoa nork botako duen jakinaraziko du erakundeak.

Iaz, azokako ekoizleak, Uztarria-Guka, Sierbetako mojak eta Elkar-ekin izan ziren txupinazoa botatzeko lau hautagaiak, eta azokako ekoizleek bildu zituzten boto gehien; baserritarrek 2.094 boto jaso zituzten, Sierbetako mojek 2.030, Uztarria-Gukak 1.486 boto eta Elkar-ekin taldeak 1.410. Guztira, 702 pertsonek eman zuten botoa iaz. Ekoizleek piztu zuten iaz herriko festetako sugarra

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide