Badatorrela Mantangorri

Nerea Uranga 2025ko mai. 30a, 09:00

Kamisetak eta zapiak saltzen iazko Sanjuandeko festetako Mantangorriren jaitsieran. (Intza Trula)

Sanjuandegiko festak ofizialki gaur hasiko dituzte, 19:00etan Mantangorriri ongietorria eginda. Auzoa festarako girotuta eta gogoz aurkituko du Mantangorrik. Igande iluntzera arterako ekintzez betetako egitaraua prest du XJ Auzolanean taldeak.

Sanjuandegin joan den asteburutik festen atariko ekintzak izan dituzte XJ Auzolanean taldeak antolatuta, hala nola Umeen Eguna, haurrentzako bizikleta probak, bertso afaria, Barraka Eguna, Kantu Jira edota mus txapelketa. Ofizialki, ordea, gaur 19:00etan hasiko da jaia Mantangorriren jaitsierarekin. Hari harrera egin orduko Gazte Eguneko ekintzak hasiko dituzte auzoan.

Bihar, berriz, Auzo Eguna ospatuko dute, eta igandea ere ekintzekin egun bete-betea izango dute Sanjuandegin.

Guneak eta etxeratze kolektiboak

Sanjuandegiko festetan gaur nahiz bihar 20:00etatik 01:00etara, indarkeria matxistarik gabeko gunea herritarren zerbitzura egongo da Baigera II tabernaren aurrean. Emakumeen Txokoaren, Emakumeen Mahaiaren eta udalaren ekimenez, emakumeak eta LGTBI+ kolektiboko pertsonek indarkeria matxistaz kontzientzia har dezaten jarriko dute informazio puntua.

Bestalde, Itaia antolakundeak eta XJ Auzolaneanek etxeratze kolektiboak antolatu dituzte gaurtik biharrerako eta bihartik iganderako gauetarako, emakumeek etxerako bidea lagunduta egin dezaten. Hiru deialdi egin dituzte: 00:30ean, 02:00etan eta 04:00etan elkartuko dira, Lasa gozotegiaren aurrean. Era berean, sexu erasoen aurkako protokoloa osatu dute, eta salaketak egiteko telefonoa jarri dute herritarren eskura: 613 63 73 85.

Egitaraua:

Gaur, ostirala. Gazte Eguna:

  • 15:00. Kafea eta auzolana.
  • 18:45. Palestinaren aldeko elkartasun ekintza.
  • 19:00. Mantangorriren ongietorria.
  • 19:05. Kalejira, buruhandiekin, erraldoiekin eta trikitilariekin.
  • 21:00. Gazte afaria.
  • 23:00. Areto dantzen emanaldia.
  • 23:00. Rodeo, Eraldatzen eta Laket taldeen kontzertuak karpan.
  • 23:00. JOS_U, P4UL, House One eta Meritron disko jartzaileen emanaldiak txosnan.

Bihar, zapatua. Auzo Eguna:

  • 10:30. Xake Txapelketa.
  • 11:00. Judo erakustaldia.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren kontzertua.
  • 13:30. Trikitipintxo poteoa.
  • 15:00. Auzo bazkaria eta bingoa.
  • 18:00. II. Trikifree emanaldia.
  • 18:30. Txokolatada.
  • 19:00. Erraldoiak eta buruhandiak.
  • 19:00. Kitadelpare txarangaren emanaldia.
  • 20:00. Parrillada, Kontseilu Sozialistaren eskutik.
  • 22:00. La Txamaren zein Tapia eta Leturiaren kontzertuak.
  • 22:00. DJ Gaupasa, karpan, Javi Hidalgoren eta Kanpaxen eskutik.

Etzi, ekainak 1, igandea.

  • 06:00. UK03 txarangaren emanaldia.
  • 07:00. Bigantxak eta jolasak.
  • 11:30. Dantzari txikien emanaldia.
  • 13:00. Herri kirol erronka: auzoan jaiotakoak vs. kanpokoak.
  • 16:00. Artisau azoka.
  • 19:45. Zozketa.
  • 20:00. Mantangorriri agurra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide