Sanjuandegiko festetako ostiralean nahiz larunbatean, 20:00etatik 01:00etara bitartean, indarkeria matxistarik gabeko gunea herritarren zerbitzura egongo da Baigera II tabernaren aurrean. Emakumeen Txokoaren, Emakumeen Mahaiaren eta udalaren ekimenez, emakumeak eta LGTBI+ kolektiboko pertsonek indarkeria matxistaz kontzientzia har dezaten jarriko dute informazio puntua.
"Indarkeria matxista emakumeak* eta LGTBI+ pertsonak menderatzeko erabiltzen da. Beraz, sexu indarkeriaren eta LGBTIfobiaren aurrean ez izan konplize, ez normalizatu praktika sozial erasokorrak", adierazi dute eragileok ohar batean.
Indarkeriarik gabeko gunean, gainera, emakumeek zein LGTBI+ pertsonek jaietan indarkeria matxistarekin izan dituzten bizipenak eta gaiaren inguruan dituzten interesak nahiz iritziak jaso nahi dituzte, "babes zein elkartasun gune bat" irudikatzea helburu. Horrez gain, indarkeriari aurre egiteko bitartekoak eskainiko dituzte bertan, hala nola eraso matxista baten aurrean egin daitekeenaren inguruko azalpenak emango dituzte.
Etxeratze kolektiboak
Bestalde, Itaia antolakundeak eta XJ Auzolaneanek etxeratze kolektiboak antolatu dituzte ostiraletik zapaturako eta zapatutik iganderako gauetarako, emakumeek etxerako bidea lagunduta egin dezaten. Hiru deialdi egin dituzte: 00:30ean, 02:00etan eta 04:00etan elkartuko dira, Lasa gozotegiaren aurrean. Era berean, sexu erasoen aurkako protokoloa ondu dute urtero bezala, eta salaketak egiteko telefonoa jarri dute herritarren eskura: 613 63 73 85.