Eguzkigrafia tailerra egingo dute maiatzaren 29an, 18:00etan, Dinamoa sormen gunean. Kulturaz kooperatibaren Grafiaz Betea egitasmoaren zazpigarren saioa izango da hori, eta bertan zianotipia teknika irakatsiko du Maddi Zumalabe artistak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, zianotipia prusiar-urdin koloreko kopiak egiteko argazki prozedura monokromoa da, eta teknika horren bidez irudi originalaren negatiboa lortzen da, zianotipo izenekoa. Hilaren 29ko tailerrean ehun urte inguru dituzten diapositibekin egingo dute lan, diapositiben konposizio berri bat sortuz eta irudiak errebelatuz.
Maddi Zumalabek sormen egonaldia egin zuen iaz Dinamoa sormen gunean, eta hango espazioek zianotipia teknika erabiltzeko eta ezagutzeko aukera eman zioten artistari, besteak beste.
Eguzkigrafia tailerrean izena Kulturaz.eus webgunean eman daiteke. Kultur bonua dutenek 5 euro ordaindu beharko dute tailerrean parte hartzeko eta gainontzekoek 15 euro.