Gure Zirkuak jasoko du 2025eko Abadia Saria, epaileek ebatzi ostean euskarari ekarpen berritzailea egiten diola "aisia eta dibertimenduaren bidez". Ekain Ibarguren azpeitiarra (Azpeitia, 1996) euskarazko zirkuko malabarista da 2017an sortu zenetik.
"Euskararen normalizazioa, kulturaren deszentralizazioa, familia arteko aisialdia eta bertako talentuaren sustapena uztartzen ditu modu berritzaile eta atseginean", adierazi du Gure Zirkuari buruz Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak. Iker Galartzak eta Joseba Usabiagak gidatzen duten taldeak, bere esanetan, "euskal hizkuntzaz eta euskaraz sortutako kulturgintzaz gozatzeko parada eskaintzen die" haur, gazte zein helduei.
Ekainaren 19an Eibarren banatuko duen Abadia Sariaren bidez, euskarazko zirku bakarra saritu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Haurren garapena, komunitatearen kohesioa eta euskal kulturaren aniztasuna bultzatu ohi ditu. Gainera, sentipen, umore eta emozioz betetako ikuskizunen bitartez, herritarrak elkartu eta ondo pasatzeko plaza berria eskaini dio euskarari eta euskaldunon komunitateari", nabarmendu du foru zuzendariak.
Ekain Ibarguren Azpeitiko pailazo eta malabaristak 2017tik parte hartzen du Gure Zirkuan, hain zuzen, zirku konpainia euskalduna sortu zenetik. Malabarista lanak egiten ditu karpa ibiltarian, baina Gure Zirkutik kanpo ere janzten du sudur gorria, eta Ekain-Txou edo Lore bilakatzen da orduan.