Eguraldi bikaina izan dute mendizale gazteek Txalintxoko Egunean

Nerea Uranga 2025ko mai. 20a, 08:00

30 mendizale inguruk parte hartu dute Azpeitiko plazatik Txalintxoko tontorrera arteko mendi irteeran. Hurrengo hitzordua Xoxoteko Egunerako, maiatzaren 25erako, jarri dute Azpeitiko mendi bazkunakoek.

Herenegun, igandearekin, ospatu zuten Lagun Onak mendi bazkunakoek Txalintxoko Eguna. Eguraldi bikainarekin 30 mendizale inguruk parte hartu zuten Azpeitiko plazatik Txalintxoko tontorrerako mendi ibilaldian. Azpeitiko mendizaleek aitortu dutenez, "ia urtero bezala, bidez diskuidatu eta mendi buelta luzatu genuen". Dena den, pagadi ederrekin gozatzeko aukera izan zuten mendi irteeran parte hartu zuten haurrek eta helduek.

Hurrengo mendi irteerako gonbidapena egin die Lagun Onak MBk Azpeitiko mendizaleei. Izan ere, datorren igandean, maiatzaren 25ean, Xoxoteko Eguna ospatuko dute. Xoxotera igotzeko irteera ordua 09:00etan jarri dute herriko plazan. Gero, Xoxoten meza  (12:15), hildako mendizaleen aldeko lore eskaintza (12:45), domina banaketa (13:00) eta aterpean paella (13:30) izango dira. Gainera, egun osoan zehar trikitilariak, txalapartariak eta txistulariak ariko dira.

Mendi irteerez gainera, gaur hasita Udaberriko Mendi Asteko ikus-entzunezkoen emanaldiak ditu antolatu Lagun Onak MBk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide